Udako Beherapenen Azoka aste honetan egingo da Toribio Etxebarria kalean

Factoringa uztailaren 22an, 23an eta 24an egingo da. 29 establezimenduk parte hartuko dute aurten "Factoring 2025 - Udako Aukeren Azokan"; horietatik 20k kalean jarritako standetan parte hartuko dute, eta beste 9k beren saltokietatik.
Eibarko Udako Beherapenen Azoka Toribio Etxebarria kalean egongo da aurten ere, Eibarko saltokiek merketutako produktuak salgai jartzeko, eta bezeroek deskontu garrantzitsuekin erosteko aukera izan dezaten. Eibar Merkataritza Gune Irekiak (EMGI) eta Eibarko Udalak elkarlanean antolatutako "factoring" ospetsua uztailaren 22an, 23an eta 24an egingo da; aurten ere, joan zen urtean bezala astearte, asteazken eta osteguna izango dira azoka egunak.
Aurtengo Beherapenen Azokan 29 establezimenduk hartuko dute parte. Horietatik 20 Toribio Etxebarria kalean zehar jarritako karpetan egongo dira, eta beste 9 denda euren saltokietan.
Azoka gaur asteartea, uztailak 22, inauguratu da, 09:45ean, eta bertan izan dira antolatzaileak, tokiko agintariak eta Eibarko merkataritzako ordezkariak. Ostegunera arte egongo da zabalik, 10:00etatik 20:00etara (biak barne).
Parte hartuko duten 20 establezimenduak honako hauek dira: ATELIER11, BAMBI, BEITTU, BURBUJAS Y MAS, DESIGNED BY NONA, ESKULAN, FARMALUR BERRIA,GIGIL DESIGN, GRATZINA, GUBY, HELMET HOUSE, IKUSI, KOPIÑA, LUDOTECA FUN&PLAY, NO COMMENT, OTAOLA DESKANTSU DENDA, PISSA, TWINS, TXUKUNA ETA ZENTRAL OPTICA.
Gainera, beren establezimenduetatik parte hartuko dutenak hauek dira: ASKASIBAR, CEDRY, CORRAL, FEDERÓPTICOS IGMAR, LOS CHICOS, LURA CENTRO MEDICO-ESTETICO, MOAPICS, OSKARBI ETA VIECO.
Azokak hainbat merkataritza-sektoretako produktu-sorta zabala eskainiko du: ekipamendu pertsonala (arropa, oinetakoak eta osagarriak), etxeko produktuak, kirola, dekorazioa, optika, jostailu-denda, paper-denda, opariak edo parafarmazia.
Standak kokatzeko orduan, tabernek Toribio Etxebarria kaleko beren establezimenduen aurrean jartzen dituzten terrazetarako behar adinako lekua utziko da.
...eta kitto! Euskara Elkarteak, urtero legez, euskararen erabilera sustatzeko ekimena egingo du. Euskeraz Primeran postuan, herritarrak euskararen erabilerarekin sentsibilizatzeko dinamika bat egingo da. Dinamika horretan herritarrek sektoreka bildu beharko dituzte denden logotipoak, eta euskararekiko konpromiso zehatzen bat hartu beharko dute. Trukean Euskeraz Primeran erosketa poltsa eramango dute eta 100€ko erosketa txartela irabazteko aukera ere izango dute.
- Bideoa: Udako Beherapenen Azoka