Txakur jabeek botilatxo berrerabilgarriak eskuratu ahal izango dituzte doan, beren maskoten txiza garbitzeko

‘Hobe arrastorik gabe’ izeneko kanpaina Eibarko Udalak eta Merkatarien Elkarteak sustatu dute, eta 3.000 botilatxo jarriko dira herritarren esku. Interesdunek Merkatarien Elkarteko establezimenduetan eskuratu ahal izango dituzte plastikozko botilatxoak.
Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak, Merkatarien Elkartearekin batera, gune publikoetan txakurren txiza garbitzeko kontzientziazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat jarriko du abian datorren astelehenetik (otsailak 6) aurrera.
‘Hobe arrastorik gabe’ izeneko kanpainan, astelehenetik aurrera plastikozko botila txiki tolesgarri eta berrerabilgarriak jarriko dira eskuragarri, txakurren jabeek urez eta ozpin pixka batez bete dezaten eta txakurraren pixetara bota. Guztira, halako 3.000 botila jarriko dira eskuragarri, eta doan lortu ahalko dira Merkatarien Elkarteko establezimenduetan.
Ekimen honek, txakurren gorotzak biltzeko poltsa biodegradagarriak erabiltzearekin batera, honakoa du xede: herriko kaleak garbiago mantentzea.
Botilak tolesgarriak dira, ahalik eta leku gutxien hartzeko eta hutsik daudenean eroso gordetzeko. Era berean, tapoi bat dute ondo ixteko eta mosketoi bat txakur-uhaletik, praketatik edo poltsotik eskegi ahal izateko.
Ekimen hau Merkatarien Elkartearen eskutik jarri da abian; izan ere, merkatariek beren establezimendu inguruko txizak garbitu behar izaten dituzte, bai fatxadetan bai erakusleihoetan, eta, gainera, horrela, tokiko eragileak, kasu honetan Eibarko merkataritzakoak, hiriaren zaintzan inplikatzea sustatzen da.
Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Eibarko Udalean kezkatuta gaude kaleetako zikinkeria eta osasungarritasunaren arazoarekin, egunero aurkitzen ditugu-eta txakur-kaka eta -txiza ugari. Alkatetza honen eskariz, Mankomunitatea kaleen garbitasuna indartzen ari bada ere, herritarren kontzientziazioa eta espazio publikoak garbi mantentzeko errespetua funtsezkoak dira herri garbiago bat lortzeko. Horregatik, espero dut botilatxo hauekin txakurren jabeei beren maskotaren txiza garbitzea erreaztea".