Eibarko Udala
Torrekua obrak

Torrekuako zentro sozialak udazkenean zabalduko ditu ateak

2025/08/13
Torrekuako zentro soziala.
Torrekuako zentro soziala.

Eraikinak pertsona nagusientzako zentro bat hartuko du, bai eta Goyeneche Fundaziorako eta Gurutze Gorrirako espazioak ere. Eraberritzeak hobekuntza energetikoak eta irisgarritasun arlokoak jasotzen ditu, eta baita formakuntzarako eta elkarbizitzarako espazioak ere.

Eibarko Udalak urrats sendoak eginn ditu Torrekua anbulatorio zaharraren eraikina birgaitzeko. Bertan, pertsona nagusientzako zentro sozial bat egongo da, eta, Goyeneche Fundazioarentzako eta Gurutze Gorriarentzako guneak. Lanak erritmo onean doaz eta udazkenean inauguratzea espero da.

Asmo handiko proiektu honek Europako NextGeneration funtsen eta Espainiako Gobernuaren finantzaketa du, eta herrian adinekoentzako guneak hobetzeko eta modernizatzeko udalaren konpromisoaren parte da.

Jon Iraola Eibarko alkateak positibotzat jo du lanen martxa. "Eraikina oso ondo geratzen ari da, instalazio moderno eta kalitatezkoekin. Eta, gure adinekoentzat eta erabiliko duten kolektiboentzat ingurune atsegina, irisgarria eta funtzionala eskainiko du. Zentro sozialak giltzarriak dira pertsona nagusi askorentzat; izan ere, jarduerak eta zerbitzuak eskaintzeaz gain, sozializazioa eta ongizatea ere eskaintzen dute”.

Bestalde, Pedro Escribano Obretako zinegotziak nabarmendu duenez, "jarduera oso ondo planifikatuta dago eta ezarritako epeen arabera gauzatzen ari da; horrek talde teknikoen eta inplikatutako enpresen arteko koordinazio erakusten du. Gainera, pozgarria da ikustea nola bihurtzen den erabiltzen ez zen eraikin bat gure bizilagunen bizitza hobetzeko pentsatutako espazio moderno eta erabilgarri”.

Zentro sozial berriak eraikinaren beheko solairua hartuko du, eta bigarren solairua Goyeneche Fundazioari lagako zaio, adimen-desgaitasuna duten helduak gizarteratzeko proiektuarekin. Bestalde, hirugarren solairua Gurutze Gorriak erabiliko du.

Eraikinean hobekuntza energetikoak egiten ari dira fatxadan zein estalkian, eraginkortasun energetikoa optimizatuko dutenak. Barruko espazioak ere egokitzen ari dira: irisgarritasun egokia lortu nahi da igogailuaren eta eskaileren bidez. Gainera, formakuntzarako gelak izango ditu eta kafetegi bat.

Eraikin angeluzuzenak sotoa, beheko solairua eta beste bi solairu ditu, eta 555 metro koadro inguruko azalera solairu bakoitzeko, azkena izan ezik, 111 metro koadro baititu.

Eraikina udalarena izatera pasatu zen osasun-zerbitzuak Eibarko Ospitalera (Otaola) eraman ondoren, eta haren eraberritzea herritarren zerbitzura dauden espazio publikoak biziberritzeko estrategia zabalago baten parte da.