Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Torrekuako anbulatorio zaharra birgaitzeko proiektuaren idazketa 79.000 eurotan adjudikatu du Udalak

Torrekuako anbulatorio zaharraren artxiboko irudia.

Torrekuako anbulatorio zaharraren artxiboko irudia.

2023/03/21

Kontratazio Mahaiak Basa Arquitectura-ren proposamena aukeratu du; enpresak 13 aste izango ditu dokumentua lantzeko. Proiektuak eraikina egokitzea aurreikusten du, bertan jubilatu-etxe bat egiteko eta, gainera, izaera sozialeko beste erabilera batzuk emateko.

Eibarko Udalak Basa Arquitectura S. Coop Pequeña Profesional enpresa aukeratu du Torrekua 1. zk.ko eraikina (anbulatorio zaharra) birgaitzeko proiektua idazteko adjudikaziodun gisa; dokumentua egiteko aurrekontua 79.014 eurokoa da (BEZa barne) eta epea hamahiru astekoa. 

Adjudikazio hau dela eta, Jon Iraola Eibarko alkateak zera adierazi du: “Gobernu-taldeak beste urrats garrantzitsu bat eman du proiektu hau gauzatzeko. Egitasmoaren helburu nagusia Amañako eta inguruetako bizilagunei azpiegitura berri bat eskaintzea da, aspalditik eskatzen zituzten zerbitzuak haien esku jartzeko”.

Adjudikatutako proiektuak eraikina birgaitzeko beharrezkoak diren lanak jasotzen ditu; bertan, obrak egin ondoren, Amaña auzorako jubilatu-etxe bat egiteko eta izaera sozialeko beste zerbitzu batzuk martxan jartzeko asmoa du Udalak.

Udalaren asmoa da lehenengo fasean inguratzaile termikoaren birgaitze energetikoa egitea, eraikinaren portaera energetikoa hobetzeko. Eraberritze-lanak fatxadan eta estalkian egingo dira, eta klimatizazio-instalazio berriak eta zoru erradiatzailearekiko berokuntza-instalazioak ezarriko dira.

Ondoren, barrualdea eraberritzeko obrak egingo dira, eraikinaren beheko solairuan jubilatu-etxe bat egokitzeko eta komunikazioa eskaileren eta igogailuaren bidez birgaitzeko. Eraikinak, halaber, formazio-gelak, beste areto batzuk eta kafetegi bat izango ditu.

Eraikinak oinplano angeluzuzena du eta solairu bakoitzeko 555 metro koadro inguru. Sotoa, beheko solairua eta bi goi-solairu ditu. Azken solairuak azalera txikiagoa du, 111 metro koadrokoa baita.

Torrekuako anbulatorio zaharraren eraikina udal jabetzakoa da duela urte batzuetatik hona, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak instalazio horietan eskaintzen zuen osasun-zerbitzua Eibarko Ospitalera eraman ondoren.

Eraikin honen birgaitze-lanak egiteko, Eibarko Udalak diru-zuzkidura bat eskatu du, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak sustatutako eta Next Generation Europako funtsen Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan dagoen Eraikin Publikoak Birgaitzeko Sustapen Programaren esparruan.