Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Toribio Echevarria Sarien 28. edizioa abian da

Toribio Echevarria Sarien 28. edizioa abian da

Toribio Echevarria Sarien 28. edizioaren aurkezpena.

2018/05/15

Hautagaitzak aurkezteko epea ekainaren 11n amaitzen da eta sari-banaketako ekitaldia uztailaren 18an izango da Tekniker Fundazioaren eraikinean. Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatzen dituzte, eta berrikuntza teknologikoagatik bereziki nabarmentzen diren ekimen sortzaileak aintzatesten eta babesten dituzte. Irabazleek 10.500 euroko diru-saria jasoko dute, laguntza, aholkularitza eta prestakuntzako programetarako sarbideaz gain. Edizio honetan, gainera, bi sari berezi emango dira, bakoitza 5.250 €-koa. Sari horiek zuzenduta egongo dira Enpresako ideiak/proiektuak eta Enpresa berria kategorietan proiektu irabazlea edo finalista duten Eibarko ekimenetara.

Toribio Echevarria Sariak Euskal Autonomia Erkidegoko ekimen sortzaileak aintzatesteko eta haien sustatzaileei beren jardueraren hasieran laguntzeko sortu ziren, eta ideia eta proiektu ekintzaileen EAEko lehiaketa nabarmena bilakatu da. Sari horien helburua da proiektu ekintzaileen ekimena, berrikuntza, ekintzailetza-ahalmena, sormena eta enpresa-garapena sustatu eta aintzatestea, berrikuntza teknologikoa bereziki azpimarratuta.

Miguel de los Toyos Eibarko alkateak eta Marisa Arriola BIC Gipuzkoako gerenteak gaur goizean aurkeztu dute deialdi berri hau Eibarko Udaletxean. Toribio Echevarria Sariak duela 28 urte sortu ziren, eta helburu dute oinarri teknologikoko ideia eta enpresa berritzaileak garatzea, kalitatezko enplegua sor dadin erraztea, enpresetan berrikuntza teknologikoa bultzatzea eta ekintzailearen figura baliaraztea.

Deialdi berri honen aurkezpen-ekitaldian parte hartu du, era berean, Adrián Odriozola KirolDNA enpresaren sortzaileak, iaz saria irabazi zuenak “Enpresako ideiak/proiektuak” kategorian.  

Aintzatespen horien deialdian bereziki nabarmentzen dira honako helburu hau duten berrikuntza teknologikoko prozesuak: Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarea berritu eta modernizatzeko kultura finkatzen laguntzea, enpresak sortuta eta daudenak garatuta.

Bi kategoria: “Enpresako ideiak/proiektuak” eta “Enpresa berria”

Sariak bi kategoria hauetan biltzen dira: “Enpresako ideiak/proiektuak” eta “Enpresa berria”. Horietako bakoitzak 10.500 euroko diru-laguntza du, eta aukera ematen du laguntza, prestakuntza eta aholkularitzako programetan sartzeko. Era berean, beste bi sari daude garapen teknologikoan edo nazioartekotze-prozesuan laguntza behar duten ekimenetara zuzenduta.

Edizio honetan, gainera, bi sari berezi emango dira, bakoitza 5.250 €-koa. Sari horiek zuzenduta egongo dira Enpresako ideiak/proiektuak eta Enpresa berria kategorietan proiektu irabazlea edo finalista duten Eibarko ekimenetara. Eibarko Udalak ematen duen sari berezi horren helburua da udalerrian enplegua eta jarduera berritzaileak sortuko dituzten enpresa-proiektuen garapena bultzatu eta aintzatestea.

Sariketa hau sortu zenetik, 600 enpresa-ideia eta -proiektu baino gehiago aztertu dira. Aurreko edizioetan saritutako proiektuetan 38 milioi euro inguru inbertitu dira, baita 750 lanpostutik gora sortu ere (gehienak kualifikazio handikoak).

Aurtengo sari-banaketako ekitaldia datorren uztailaren 18an izango da, goizeko 11:00etan, Tekniker Fundazioaren eraikinean. Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatutako ekimen honetan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak. Halaber, lankide dira ere Gipuzkoako Bazkundea, Elkargi, APD, El Diario Vasco, SPRI, eta Adegi, Cebek eta SEA enpresaburu-elkarteak.