Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Taxibusak geraleku bat izango du Ospitalearen ondoan

Otaola Hiribideko artxiboko argazkia.

Otaola Hiribideko artxiboko argazkia.

2023/11/27

Eibarko Udalak geraleku berria jarri du urtarriletik aurrera taxibusak egingo duen ibilbidean eta larunbatetako ordutegia zabaldu du. Taxibusa gehiago erabiltzen da, 2022an Udalbusaren lehen orduko errefortzua martxan jarri zenetik.

Taxibusaren ibilbideak geraleku berri bat izango du urtarrilaren 1etik aurrera. Aintzat hartuta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako Mugikortasun Azterlana eta Trafiko Zinegotzigoaren eta Udaltzaingoaren proposamenak, Udalak erabaki du aldaketa txiki bat egitea Taxibuseko ibilbidean, Ospitalearen ondoko geralekua gehituz, Torrekua kaletik Otaola kalerako igoeran.

Zerbitzua zabaldu arren, kilometrajean ez da ia eraginik izan, beste geraleku batzuen ordena ere aldatu baita. Gaur egun, Taxibusa Itzion gelditzen da, Jardiñeta eta Ardantzako geltokietatik igaro ondoren, eta urtarriletik aurrera, Matxariatik Itziora joango da, eta ondoren Jardiñetan eta Ardantzan geldituko da, Ospitaleko geltoki berrira joan aurretik.

Udalak, gainera, larunbatetako zerbitzua gehitu du eta 2022an jarri zuen Udalbuseko errefortzua mantentzen du, alegia, lehen orduan errefortzua dago Untzagatik Teknikerreraino. Horrela, urtarriletik aurrera, honako zerbitzu hau eskainiko du urte osoan, abuztuan izan ezik: astelehenetik ostiralera goizez (9.30, 11.30, 12.30 eta 7.35eko errefortzua) eta arratsaldez (16.00) eta larunbatetan goizez (9.30, 11.30, 12.30).

Aldaketak zerbitzuaren lizitazioan sartuko dira datorren urtarrilaren 1etik aurrera, oraingo kontratua abenduaren 31n amaitzen baita. Lizitazioa urtebeterako egiten da, beste urte batera luzatzeko aukerarekin. Aurrekontua % 46 handituko da, 28.000 euroraino, ordutegia ere zabalagoa delako.

Taxibusaren zerbitzua oso garestia da Udalarentzat; izan ere, txartel bakoitzak 0,65 euroko prezioa du eta bidaiari bakoitzeko kostua 16 aldiz handiagoa da, eta, bestalde, zerbitzuaren erabilera oso mugatua da. Erabilera hori nabarmen handitu zen 2022an, bidaiari kopurua bikoizteraino, lehen orduko Udalbusa indartzeko zerbitzua martxan jarri zenean. Zerbitzu horrek 07:35ean egiten du bidaia Untzaga eta Tekniker artean, tarteko sei geralekurekin; udalbusaren erabiltzaile gehienak La Salle Ikastetxera eta Teknikerrera joaten diren pertsonak dira