PSE-EE, EH-Bildu eta Elkarrekin Podemos Eibar udal-taldeen deklarazioa, Global Sumud Flotillaren alde

Arrazoien azalpena.
Global Sumud Flotilla nazioarteko ahalegin baketsu eta humanitario bat da, giza eskubideen aldeko aktibistek, erakunde zibilek eta mugimendu solidarioek bultzatua, Gazari ezarritako legez kanpoko blokeoa hausteko eta palestinarrei funtsezko laguntza humanitarioa emateko helburuz sortua; izan ere, Palestinako herritarrak okupazio- eta gatazka-urteek larriagotutako krisi humanitarioa pairatzen ari dira, gaur egun nazioarteko adituek genozidiotzat jotzen dutena. Ekimen honen oinarria nazioarteko zuzenbidean eta Nazio Batuen Gutunaren, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren eta Genevako Konbentzioen printzipioetan kokatzen da, printzipio horiek behartzen baitute bizitza zibila babestera eta gatazka-guneetan laguntza humanitarioa jasotzea bermatzera.
Hala ere, Israelgo Estatuak mehatxu larriak egin dizkie Global Sumud Flotillako aktibistei, eta haien bizitza arriskuan jarri. Indarkeria-ekintzak gertatu dira, hala nola Tunisiako portuan jasandako bi eraso terrorista, tartean zeuden pertsonen segurtasuna arriskuan jarri dutenak eta misio baketsu horren garapena oztopatu dutenak. Ekintza horiek nabarmen urratzen dute nazioarteko zuzenbide humanitarioa, eta eraso egiten diete defendatu behar ditugun balio demokratikoei eta bakearen balioei.
Justizia sozialaren, nazioarteko elkartasunaren eta giza eskubideen defentsaren printzipioekin lerrokatuta, nahitaezkoa da erakunde publikoek irmotasunez jokatzea, pertsona aktibista horiek babesteko eta bakea sustatzen duten ekimenei laguntzeko.
Horregatik, Eibarko Udalaren PSE-EE, EH-Bildu eta Elkarrekin Podemos udal-taldeek hauxe adierazten dute:
1. Global Sumud Flotillari babesa ematen diete, haren lan humanitario eta baketsua aitortuz, Palestinako herriaren sufrimendua arintzeko eta nazioarteko zuzenbidearen errespetua sustatzeko nazioarteko elkartasun ekintza gisa.
2. Erakunde publiko guztiei eskatzen diete, bai eta Europar Batasunari, Diputatuen Kongresuari, Eusko Legebiltzarrari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari babes esplizitua eman diezaiotela, Global Sumud Flotillari zuzendutako komunikazio ofizial baten bidez, ekimen horri baldintzarik gabeko babesa adieraziz eta haren aurkako edozein indarkeria- edo larderia-ekintza gaitzetsiz.
3. Eskatzen dute erakunde horiek eskura dituzten bitarteko eta baliabide guztiak jar ditzatela Global Sumud Flotillako aktibisten osotasun fisikoa eta bizitza babesteko, neurri diplomatikoak, legezkoak eta segurtasunekoak barne, Israelgo Estatutik datozen mehatxu larriei erantzuteko.
4. PSE-EE, EH-Bildu eta Elkarrekin Podemos udal-taldeek konpromisoa hartzen dute Adierazpen hau aipatutako erakundeei eta Global Sumud Flotillari bidaltzeko, eta Palestinako kausarekiko sentsibilizazio- eta elkartasun-ekintzak sustatzeko, giza eskubideen printzipioekin bat etorriz.
Eibarren, 2025eko irailaren 26an
PSE-EE Eibar
Eibarko EH-Bildu
Elkarrekin Podemos Eibar