Eibarko Udala

Otsailean eta martxoan jarduera-programa bat egingo da Portalean basoaren eta haren kontserbazioaren garrantziaz gogoeta egiteko

2023/02/23
Argazkia.

Ostiral honetan zabalduko da ‘Bizia zaintzen. Basoa. Biodebertsitatea. Bizitza’ arte-erakusketa, eta, martxoan bi saio egingo dira gaiaren inguruaz informatzeko eta eztabaidatzeko. ‘Zuhaitz Eguna’ martxoaren 4an egingo da. Izen-emateak martxoaren 2ra arte egin daitezke.

Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bitartez, Artekom kolektiboarekin (Arte eta Komunikazioa trantsizio energetiko ekologikorako) eta Campus Bizia Labekin batera (Euskal Herriko Unibertsitatearen programa), hainbat jarduera antolatu ditu otsailaren 24tik martxoaren 26ra bitartean, basoaren garrantziaz eta kontserbazioaz hausnartzeko.

Jarduera-programa ostiral honetan, otsailak 24, hasiko da, Portalean, 19:00etan inauguratuko den ‘Bizia Zaintzen. Basoa. Biodibertsitatea. Bizitza’ erakusketarekin, martxoaren 26ra arte ikusi ahal izango dena.

Erakusketaren antolatzaileek azpimarratzen dutenez, gure biosferaren kalitatea  biodibertsitatearen arabera neurtzen da funtsean, eta, gizarte teknifikatuen autosufizientziari buruzko topiko orokorrak gorabehera, egia esan, mendekotasun itzela dugu ekosistema naturalekiko eta haiek eskaintzen dizkiguten ingurumen-zerbitzuekiko.

Premisa horietan oinarrituta, basoari, biodibertsitateari eta biziari buruzko hausnarketa proposatzen duten piezak eta esku-hartze artistikoak aurkezten dira erakusketan. Horrela, artista bakoitzak, artearen hizkuntza propioaren bidez, ikuspegi desberdinak planteatzen ditu, proposatutako gai eta soluzioei buruzko ikuspuntuak aberasten dituztenak.

Erakusketan artista hauen lanak jasotzen dira: Susana Jodra, Mikel Arce, José Ángel Lasa, Josu Rekalde, Pilar Soberón, Mikel Garate, Josemari Herrera, Cristina Miranda, Nerea Legarreta, Lidia Rekagorri eta Miriam Loidi.

Programazioaren osagarri, bi jarduera egingo dira gaiaz hausnartzeko eta eztabaidatzeko.  

Lehenengoa mahai-inguru bat izango da honako izenburuarekin: 'Basoa. Begiradak arte mundutik eta ekologiatik’. Portalean egingo da martxoaren 15ean, 19:00etan. Saioa euskaraz eta gaztelaniaz izango da, eta parte-hartzaileak izango dira: Mikel Jauregi Oregi, 'Eibarko Baso Biziak' elkartekoa, Mikel Garate Arakama artista eta UPV/EHUko irakaslea, eta José Ángel Lasa Garciano eskultorea eta UPV/EHUko irakaslea.

Bigarren saioa martxoaren 22an izango da, honako izenburuko hitzaldi-eztabaidarekin: 'Manual ecofeminista contra el poder corporativo'. Portalean izango da 19:00etan.  Hitzaldia gaztelaniaz izango da eta hizlaria Julia Martí Comas, feminista eta UPV/EHUko Zientzia Politikoetako doktorea.

‘Zuhaitz Eguna’ martxoaren 4an

Bestalde, eta ingurumenarekin lotutako jarduerei dagokienez, martxoaren 4an ‘Zuhaitz Eguna’ egingo da Eibarren; otsailaren 19an egitekoa zen, baina bertan behera geratu zen.  Jardueran bertako 130 arbola edo zuhaixka  landatuko dira Lindari izeneko lursailean, Urko mendiaren magalean.

Jarduera Udaleko Ingurumen Sailak antolatu du, Klub Deportiboko Mendi Taldearekin, Eibarko Baso Biziak elkartearekin eta Lurgaia Fundazioarekin batera.

Taldeko egingo da Lindari lursailerarko igoera, eta bi elkargune egongo dira: lehen taldea 9:30ean geratuko da Klub Deportiboan (Toribio Etxebarria 16) eta bestea 10:00etan Artegietan (Amañako ikastetxearen ondoan).  Arbolen landaketa 10:30etik 13:00etara bitartean egingo da eta bazkalordurako amaituko da.

Lursailak maila handia duenez eta zati handi batean otez josita dagoenez, landaketak egingo diren eremua zailtasun ertain-handikoa da, eta, horregatik, aurten jarduera 12 urtetik gorakoentzat bakarrik izango da.  

Jardueran parte hartzeko plazak mugatuak dira; horregatik, parte hartzeko ezinbestekoa da Lurgaia Fundazioan izena ematea, mezu elektroniko bat bidaliz info@lurgaia.org helbidera, honako datu hauekin:  izen-abizenak, adina, e-maila, telefonoa, eta aukeratutako elkargunea.  Onartua izatearen berrespena jaso behar da. Izen-ematea martxoaren 2ra arte egin ahalko da.