Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Natura eta Ingurumeneko III. Zinema Erakustaldia, Coliseo Antzokian

2023/03/23

Martxoaren 24an, 19:00etan, GNAT Zinemaren hirugarren edizioko filmetako bat proiektatuko da Eibarren: “El leopardo de las nieves”. Sarrerak doakoak izango dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak gaur goizean aurkeztu du, Eibarren, Gnat Zinema–Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko III. Zinema Erakustaldia, zeina martxoaren 23tik 30era bitartean egingo den, Gipuzkoako bederatzi udalerritan. Eibar izango da erakustaldiko filmetako bat proiektatuko duten bederatzi herrietako bat; hain zuzen, «El leopardo de las nieves», martxoaren 24an, 19:00etan, Coliseo Antzokian. Prentsaurrekoan José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatua eta Jon Iraola Eibarko alkatea izan dira.

Zinema Erakustaldiaren helburua da naturarik hurbilenaren berri ematea, kalitatez, pertsonok naturarekin ditugun harremanak sakonago aztertuz eta gizarteek naturarekin erlazionatzeko dituzten moduak ezagutaraziz, ikuspegi desberdinetatik: natura gizadiaren kulturan, gure aztarna naturan, pertsonen eta animalien arteko batasuna, haurrak eta natura.

Aurten, Gipuzkoako bederatzi udalerri hauek izango dira Gnat Zinemaren egoitza: Azpeitia, Eibar, Errenteria, Mutriku, Oñati, Ordizia, Donostia, Tolosa eta Zumarraga. Egoitza horietan, naturarekin lotutako 11 film proiektatuko dira, hala nola «El leopardo de las nieves», «We the power», «Salvar Tenerife», «Fire of love», «Aware», «Con la fuerza del viento», «Forest for the trees: The tree planters», «Cuerdas», «Joy», «Ganado o desierto» eta «Entre montañas».

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak jakinarazi duenez, “Gnat Zinema proiektua zabalik dago naturaren alde zerbait egin nahi duen ororentzat, bai naturaren defentsaren arlotik, bai sormenaren dibulgazioaren arlotik jardunda”.  Era berean, Asensiok azpimarratu duenez, «zinema erakustaldi honek meditaziora gonbidatzen gaitu, errealitateaz jabetzera, eta nor garen eta gure ingurunearekin nola erlazionatzen garen hausnartzera».

Jon Iraola Eibarko alkatearen hitzetan, “klima-aldaketaren ondorioak agerikoak dira. Gure ingurune naturala eta biodibertsitatea erabat aldatzen ari dira gizakiaren ekintzaren ondorioz, baina oraindik garaiz gabiltza murgilduta gauden joera suntsitzailea aldatzeko. Horretarako, hezkuntza eta kontzientziazioa ezinbestekoak dira, eta horixe da ekimen honen helburu nagusia.”

Alde horretatik, Iraolak gaineratu duenez, “Eibarko Udalak aurten ere parte hartu nahi izan du proiektu honetan, modu grafiko eta zuzenean, kalitate handiko irudiekin, gure ingurumenaren egoera erakusten duelako. Ziur nago, berriro ere, ezinezkoa izango dela axolagabe geratzea dokumental honek erakutsiko digun errealitatearen aurrean.”

 

Emanaldia Eibarren

Eibarren, beraz, «El leopardo de las nieves» proiektatuko da, Marie Amiguet-ek zuzendu eta Wanda Films-ek ekoitzitako dokumentala. Filmak elurretako lehoinabarraren bilaketa erakusten du, Tibeteko goi lautadaren bihotzean. Vincent Munier argazkilariak Sylvain Tesson idazlea gidatuko du hura bilatzeko saioan, eta zelataren arte tentuzkoan aritzen, aztarnak irakurtzen, eta animaliei behatzeko behar den pazientzia izaten erakutsiko dio. Presentzia ikusezinak bizi diren gailurretara bidaiatzean, bi gizonak hizketan hasiko dira gizakiok izaki bizidunen artean daukagun lekuari buruz, eta munduaren edertasuna ospatuko dute. Dokumental honek Frantziako Zine Akademiaren film dokumental onenaren Cesar saria irabazi zuen 2022an.

Sarrerak doakoak dira, eta egoitza bakoitzaren ohiko bideak erabiliz edo Gipuzkoa Ingurumena webgunean eskura daitezke: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ingurumena/gnaturaldia/zinema/sarrerak