Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearekin bat egin du Eibarrek

Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearekin bat egin du Eibarrek

Eibarren Mugikortasun Iraunkorreko Astearen kartela.

2017/09/14

Eibarko Udalaren Ingurumen Arloak antolatuta, beste hainbeste ekimen gauzatuko dira, 2017ko irailaren 16tik 22ra bitartean.

Eibarko Udalak bat egingo du Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearekin, mugikortasun eredu iraunkorragoa bultzatuz, "Partekatzeak urrunago eramaten zaitu" lemapean.

Mugikortasunaren Europako Astea kontzientziazio kanpaina da eta, horren bitartez, herritarrak sentsibilizatzea nahi da auto pribatua baztertu eta oinez, bizikletaz zein garraio publikoan ibiltzera animatuz. Halaber, Europako hiri guztiei animatu nahi zaie garraio modu horiek bultzatzera beharrezkoak diren azpiegiturak erabilita.

Egitaraua

Mugikortasun iraunkorra bultzatzeko asmoz, Udaleko Ingurumen Arloak hainbat ekimen antolatu ditu hilaren 16tik 22ra bitartean.

Hala, Eibarko Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea irailaren 17an hasiko da Pedal Egunarekin. Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatutako jarduera da, Udalaren laguntzarekin. Publiko orori zuzendutako lehiakorrak ez diren jarduerak izango dira; Untzaga plazan hasiko dira 09:00etan.

Hurrengo hitzordua hilaren 19an izango da Coliseoan, 19:00etatik 20:30era, eskainiko den Fredrik Gertten (Malmo, 1956) zuzendari suediarraren "Bikes vs Cars" dokumentalarekin. Sarrera doakoa izango da.

Irailaren 21ean, osteguna, aurreikusita dago IES UNI Eibar Ermua BHIko ehun bat ikasle zein irakasle kalera irtetea mugikortasun iraunkorragoa eta osasuntsuagoa aldarrikatzeko "Mugikortasun Iraunkorraren Ibilaldia" izeneko ekimenean. Ibilaldia Unibertsitatean hasiko litzateke 10:00etan, herriko kale ezberdinetatik igarotzeko eta Untzaga plazan amaitzeko. Egun horretan bertan, Coliseo Antzokiak Juan Palacios eibartar zuzendariaren "Pedaló" filma hartuko du , 20:30ean; Donostiako Zinemaldiaren azken edizioan Euskal Zinemaren Irizar Saria jaso du. Sarrera 5 euroan egongo da salgai.

Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen egunik garrantzitsuena irailaren 22a da; izan ere, egun horretan Autorik gabeko eguna ospatzen da, ezaguna baita ere "Hiria, nire autoa gabe" bezala. Zentzu horretan, Eibarko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu egun horretan beren autoak alde batera laga eta oinez zein garraio publikoan ibiltzera. Horretarako, bai Udalbusa bai taxi-busa doakoak izango dira egun osoan zehar.

Aipatutako jarduerez gain, irailaren 19tik urriaren 1era arte, "Pedalei eragiten 50eko hamarkadan" izeneko erakusketa egongo da ikusgai Eibarko Armagintzaren Museoan. Bertan, XX. mendearen erdialdean Eibarren egindako marka ezberdinetako bizikletak ikusi ahal izango dira.

Bizikletaz ibiltzen ikasteko ikastaroa

Amaitzeko, bizikletaz ibiltzen ikasteko ikastaro berrian izena emateko epea irailaren 18tik 22ra (biak barne) izango da. Ipuruako kiroldegian eskainiko da irailaren 25etik urriaren 6ra.

Sei egunetan eskainiko da ikastaroa eta saio bakoitzak 2 orduko iraupena izango du; bi astez jarraian eskainiko da, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan, 10:00etatik 12:00etara.

Ikastaroan parte hartu nahi dutenek mezu bat bidali beharko dute ingurumena@eibar.eus posta elektronikora edota 943708408 telefonora deituta.

Tokiak mugatuak dira eta aurreikusitakoak baino eskaera gehiago egongo balira urtean zehar ikastaro gehiago antolatuko lirateke eskaerei erantzuna emateko.