Kirol Txartelaren zerbitzuak beste herri batzuetako erabiltzaileei zabalik
Urtarriletik aurrera, beste herri batzuetako Kirol Txartelaren erabiltzaileek txartelean sartutako udal kirol-instalazioak erabili ahal izango dituzte. Orain arte, txartel honi esker, edozein kiroldegitako igerileku erabil zitekeen, kontuan hartu barik zein zen erabiltzailearen ohiko instalazioa. Urtarrilaren 1etik aurrera, modu esanguratsuan handituko da txartelaren irismena.
Hobekuntza honekin, igerilekuak ez ezik, Ipuruako, Unbeko eta Orbeako kiroldegietako mantentze fisikoko gelak ere erabili ahal izango dira, bai eta Unbeko atletismo-pistak eta baita Ipuruako rokodromoa ere. Hori guztia aparteko ordainketarik egin beharrik gabe. Neurri honen helburua da udal-instalazioen erabilera sustatzea eta erabiltzaileei esperientzia osoago eta erosoago bat eskaintzea.
Berritasun hauei buruzko informazioa behar izanez gero, udal kirol-instalazioetako pertsonala harreran egongo da, zalantzak argitzeko prest. Gainera, informazio-kartelak jarriko dira instalazioetan, ordutegi espezifikoekin.
Ekimen hauek —azpiegiturak hobetzea eta zerbitzuak handitzea dutenak xede— indartu egiten dute udal-agintariek kirolarekin eta jarduera fisikoarekin duten konpromisoa, eta bermatu instalazioak herritar guztientzat irisgarriak eta erakargarriak izatea.
Andoni Ameztoy kirol-zinegotziaren hitzetan, "datorren urtarrilaren 1etik aurrera, aurrerapauso garrantzitsua emango dugu kirola eta jarduera fisikoa herritar guztiengana hurbiltzeko konpromisoan. Kirol Txartelaren zerbitzuak handituta, beste herri batzuetako erabiltzaileek igerilekuak ez ezik, mantentze fisikoko gelak ere erabili ahal izango dituzte".
Ordutegiaren luzapena
Eibarko Udalak, herritarren eskaerei erantzunez, Ipuruako eta Orbeako kiroldegiak ordu erdi lehenago zabaltzea erabaki du. Hemendik aurrera, bi kiroldegiek 7:00etan irekiko dituzte ateak, astelehenetik ostiralera.