Eibarko Udala
tokiko merkataritza

“K-BITAMINA–Eibarrek behar duen bitamina” izeneko kanpaina egingo da, herriko merkatariei protagonismoa emateko

2025/12/12
“K-BITAMINA–Eibarrek behar duen bitamina” bideopodkastaren kanpainako aurekzpena, udal ordezkari eta bertako merkatariekin.
“K-BITAMINA–Eibarrek behar duen bitamina” bideopodkastaren kanpainako aurekzpena, udal ordezkari eta bertako merkatariekin.

Gaur ostirala, abenduak 12, aurkeztu den bideopodkast-kanpainak ahotsa eman nahi die merkatariei. Herriko merkataritzak herriaren bizitzan duen garrantzia azpimarratu nahi da.

Eibarko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko zuzendaritzaren babesarekin, "K-BITAMINA – Eibarrek behar duen bitamina" bideopodkasten kanpaina berritzailea abiarazi du, ikusgarritasuna emateko tokiko saltokiei eta erakusmahai bakoitzaren atzean dauden pertsonei.

Kanpaina gaur ostirala, abenduak 12, aurkeztu da Errebalen egin den ekitaldi batean, eta han izan dira tokiko merkataritzako eta Udaleko ordezkariak.  

K-Bitaminaren xedea da herriko saltokien eginkizuna balioan jartzea, eta haien ekarpena nabarmentzea, zeina produktuak eta zerbitzuak saltzetik haratago doan: enplegua sortzen dute, ekintzailetza sustatzen, aberastasuna banatzen, eta Eibarko kaleak girotu egiten dituzte. "K-Bitaminarekin" gure hiria bizitzaz betetzen dutenen istorioak kontatu nahi ditugu, haien erronkak ezagutu, haien ibilbideak ospatu eta merkataritza hurbil eta jasangarriaren aldeko apustua egitearen garrantzia aitortu", adierazi du Jon Iraola alkateak.

Bestalde, Vanesa Hortas zinegotziak azpimarratu duenez, "ekimen hau aukera bat da gure herriko ekonomia indartzeko, eibartarrak gure saltokiekin konektatzeko, eta negozio bakoitzaren atzean dagoen ahalegina, sormena eta dedikazioa deskubritzeko”.

Bideopodkasta Eibarko Udalaren YouTubeko kanalean argitaratuko da urtarrilean, eta lehen kapituluetan Eibarko merkataritza-jardueraren ordezkaritza zabal batek hartuko du parte, besteak beste, larruzko osagarrien negozioak (Hartara), optikak (Igmar), ostalaritza (Sheiko), harategiak (Otegui), ehun-moda (Irritsa eta Guby), mertzeriak (Txukuna), eskulan-dendak (Moapics), liburu-dendak (Yraolagoitia) eta Errebaleko merkatuko postuak (Sosola). 

Ekimen honi buruzko informazioa ematen jarraituko dugu gure ohiko komunikazio-kanaletan.