Jon Iraolak Tokiko Enplegu- eta Garapen-Plana aurkeztu du Ajuria Enean
Udalaren proiektua aukeratu dute Enpleguaren aldeko Itun Sozialaren topaketan parte hartzeko. Programak berrikuntza sustatzea, enpresa-ehuna indartzea eta lan-aukera berriak sortzea bilatzen du.
Jon Iraola Eibarko alkateak Eibarko Enplegu eta Garapen Plana aurkeztu du Enpleguaren aldeko Itun Sozialaren topaketan, Gasteizko Ajuria Enea jauregian. Jon Iraolak, udal-ordezkaritzaren buru, planaren ildo nagusiak azaldu ditu Imanol Pradales lehendakariaren aurrean.
Jardunaldiak Euskadiko Enpleguaren aldeko Itun Sozialaren garapenean inplikatutako erakundeetako ordezkariak, eragile ekonomikoak eta erakundeak bildu ditu. Bertan izan dira Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua; Alfonso Gurpegui Enplegu eta Inklusio sailburuordea; Arantza Martínez Tobalina Enplegu zuzendaria; eta Francisco Pedraza Lanbideko zuzendari nagusia.
Topaketan zehar, Itunaren konpromisoak garatzeko hainbat esperientzia praktiko partekatu dira, besteak beste, Gasteizko eta Eibarko udalek bultzatutakoak, bai eta Basque Health Clusterrak eta Aenkomerrek sustatutako ekimenak ere.
Eibarko Udalak joan den astean jendaurrean aurkeztutako plana izan da hautatuetako bat, enpleguaren arloko tokiko garapenaren adibide gisa.
Alkateak azaldu du plana herriaren errealitate sozial eta ekonomikoaren diagnostiko argi batetik abiatzen dela. 27.500 biztanleko populazioarekin eta industria-tradizio sendoarekin, udalerriak erronka demografiko garrantzitsuei egin behar die aurre, hala nola biztanleriaren zahartzeari – 65 urtetik gorako biztanleen % 25ekin – eta lan-merkatuaren belaunaldi-erreleboari.
Egoera horren aurrean, udal-planaren xedea da biztanleria aktiboa berritzea, talentu gaztea erakartzea eta atxikitzea, eta hainbat profiletako jendea lan merkatuan sartzea sustatzea, biztanleriaren % 15 inguru atzerritarrak baitira, 80 nazio baino gehiagotatik etorriak.
Jon Iraolak azalpenean adierazi duenez, herriak baditu indarguneak aukera berriak eraikitzeko, esaterako, enpresa-sare sendoa, hein handi batean industria-enpresa txiki eta ertainez osatua, eta baita jarduera eta enplegua sortzen dituen zerbitzu-sektore dinamiko bat ere. “Industria Eibarko nortasunaren ezinbesteko parte da eta gure ekonomiaren motorea. Gure helburua da oinarri hori indartzea eta erronka teknologiko eta sozial berrietara egokitzea”.
Alkateak, halaber, balioa eman dio prestakuntza-sistemaren eta tokiko produkzio-sarearen arteko harreman estuari, eta hainbat zentro nabarmendu ditu, besteak beste, Armeria Eskola, Uni Eibar-Ermua, Azitaingo Oinarrizko Lanbide Heziketako Institutua edo Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola, zeinek mekatronikan, robotikan, industria-digitalizazioan, zibersegurtasunean, informatikan, nazioarteko merkataritzan edo energia berriztagarrietan prestakuntza eskaintzen baitute.
Udalak bultzatutako ekintzen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: enpresen eta prestakuntza-zentroen arteko lotura indartzea, langabeentzako prestakuntza-ibilbide inklusiboagoak garatzea eta herritarren gaitasun teknikoak, digitalak eta linguistikoak hobetzea. Gainera, planak aurreikusten du beste herrialde batzuetan lortutako titulazioak aitortzea, lan munduan txertatzea errazteko.
Era berean, udalak lan egiten dihardu enpresetan belaunaldi-erreleboa sustatzeko eta profil profesional berriak erakartzeko, bai eta enpresen, prestakuntza-zentroen eta gizarte-eragileen arteko koordinazioa hobetzeko ere, enplegu-politika eraginkorragoak diseinatze aldera.
Alkateak nabarmendu du udal-estrategiak, halaber, talentua erakartzeko eta atxikitzeko funtsezko faktoreak jorratzen dituela: etxebizitza eskuragarria izatea, ekintzaileentzako espazioak sortzea, hiria berroneratzea eta hiriaren irudia hobetzea.
“Gure xedea da pertsona bakoitzak kalitatezko enplegu bat edukitzeko eta bere proiektu profesional eta pertsonala aurrera eramateko aukera izatea Eibarren. Hitz batean, herriak baldintza egokiak eskaintzea, edonork bere bizi-proiektua eraikitzeko”, adierazi du Jon Iraolak.
Bestalde, Vanesa Hortas Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak esan du udal-planaren helburua dela demografia- eta lan-erronkak garapen ekonomikorako eta gizarte-kohesiorako aukera bihurtzea. “Garrantzitsuena da enpresek, formakuntza-zentroek eta erakundeek elkarrekin lan egitea. Horrela baino ez dugu lortuko kalitatezko enplegua sortzea eta herriaren etorkizun ekonomikoa sendotzea”, adierazi du.
Eibarko Udalak topaketa instituzional honetan parte hartzeak indartu egiten du Eibarrek duen papera, Eusko Jaurlaritzak enplegu-eredu inklusiboago, berritzaileago eta jasangarriago batean aurrera egiteko bultzatutako lankidetza-ekimenen barruan.