Jende asko ibili da Ipuruako kanpoko igerilekuetan 2025eko udan

41.000 lagun baino gehiago pasatu dira udal-instalazioetatik. Udalak modu positiboan baloratu du denboraldia, eta jasotako iradokizunak aztertuko ditu.
Amaitu da 2025eko udako denboraldia Ipuruako kanpoko igerilekuetan, eta balorazioa oso positiboa izan da, erabiltzaile asko ibili baitira. Guztira, 41.169 lagun igaro dira udal-instalazioetatik irekita egon diren hilabeteetan.
Erabiltzaile gehien ekainean egon ziren (16.844 pertsona), izan ere, hilabete horretan oso tenperatura altuak egin zituen egun batzuetan. Esaterako, ekainaren 17an (1.354 lagun), 20an (1.482), 27an (1.196) eta 30ean (1.350).
Uztailean, 12.097 bisitari egon ziren; jende gehien uztailaren 1ean egon zen (1.503). Abuztuan 9.098 erabiltzaile zenbatu ziren, eta irailean, denboraldiaren amaieran, 3.129.
“Herritarren erantzuna bikaina izan da. Instalazio hauek topagune oso baliotsuak dira eibartar askorentzat, kirola, aisia eta elkarbizitza modu eredugarrian elkartzen diren gune bat", adierazi du Jon Iraola alkateak. "Udalean lanean jarraitzen dugu espazio publiko hauek mantendu eta hobetzeko, erabiltzaileen ekarpenei kasu eginez eta toki hauek denentzako aisiagune izatea bermatuz".
Bestalde, Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak eskertu egin du erabiltzaileen jokaera eredugarria, eta adierazi du Udalak kontuan hartuko dituela zerbitzu hobea eskaintzeko egin diren proposamenak”.
Gainera, Udalak adierazi duenez, Txaltxazelaiko ur-txorroetan ere jende asko ibili da uda honetan, eta familientzako eta txikienentzako gune ezagunenetako bat bihurtu da udako hilabeteetan.
Balorazio orokor gisa, Ipuruako kanpoko igerilekuetako 2025eko udako denboraldia arrakastatsua izan da eta oso esperientzia positiboa herritarrentzat; eta hiriko udako aisialdiaren erreferente bihurtu da.
Denboraldiari amaiera emateko: “Txakurrak Uretara”, txakurrentzako ekitaldi bat Ipuruako igerilekuan
Larunbat honetan, urriak 11, Eibarko Udalak, “Marcan Huella” elkartearekin lankidetzan, “Txakurrak Uretara” jaia antolatu du; doako ekimen aitzindari bat da, zeinean txakurrak udal-igerilekuan bainatu ahal izango diren, denboraldia itxi aurretik.
Jarduerarekin lortu nahi dena da aisialdi arduratsua eta animalien eta familien arteko elkarbizitza sustatzea, esperientzia desberdin bat eskainiz, mantentze-lanen aurretik. Jon Iraola alkateak adierazi duenez, “denboraldiari agur esateko modu original eta dibertigarria da; animaliekiko errespetua sustatzen da, eta ura hustu aurretik beste erabilera bat ematen zaie instalazioei".