Igerilekuak txakurrentzat irekiko dira, jarduera berezi eta dibertigarri batean

Jarduera aitzindari hau Udalak eta "Marcan Huella" elkarteak antolatu dute. Urriaren 11n, txakurrak udal-igerilekuko protagonistak izango dira.
Eibarko Udalak, “Marcan Huella” elkartearekin lankidetzan, “Txakurrak Uretara” izeneko jarduera doako eta berezia antolatu du lehen aldiz, txakurrek udal-igerilekuan bainu bat hartzeko aukera izan dezaten. Urriaren 11n egingo da, udako denboraldia itxi ondoren, eta instalazioa hustu, ura berriztu eta mantentze-lanak egin aurretik.
Ekitaldiak aisialdi arduratsurako espazio bat sortu nahi du, jabeek eta txakurrek dibertsiorako eta elkarbizitzarako une bat partekatu ahal dezaten. Jardunaldia ondo joan dadin bermatzeko, araudi garbi bat ezarri da: animaliak lotuta sartu beharko dira instalaziora, bainua haientzat bakarrik izango da, ezingo da arreske dagoen txakur-emerik sartu, eta debekatuta egongo da jostailuak erabiltzea igerilekuan. Txakurren ardura dutenek beren maskoten kakak jaso beharko dituzte, eta langileen jarraibideei kasu egin.
Udaletik aholku batzuk gogorarazi dituzte, hala nola saihestea animaliek ur klorodunik edatea, ez behartzea txakurrak bainatzera, eta jarduera amaitzean ur gezatan sartzea, kloro-hondarrak kentzeko.
“Jarduera honek aisialdirako espazio desberdin bat eskaini nahi du, bai animalientzat bai familientzat, errespetua eta elkarbizitza arduratsua sustatuz", adierazi du Jon Iraola Eibarko alkateak.
Bestalde, Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak zera azpimarratu du: “Aukera berezia da igerilekuei beste erabilera bat emateko instalazioak itxi aurretik, jakinda ura hustu, eta instalazioa hurrengo denboraldiari begira berriztuko dela".