Hutsik eta erabilerarik gabe dauden eraikinak berreskuratzea, Udalaren hiri-berroneratze politiken ardatz nagusia

Jon Iraola alkatearen hiri-berroneratze politiken ardatz nagusietako bat da hutsik dauden eta gure hiri-bilbean erabiltzen ez diren eraikinak berreskuratzea, bigarren bizitza bat emateko, eta, horrela, hiriko bizilagunen egungo eskaerei eta interesei erantzuteko gai diren espazio bihurtzeko.
Hainbat dira azken urteotan Eibarko Alkatetzearen interesa piztu duten eraikinak, eta, bai bakarka bai beste erakunde publiko batzuen laguntzarekin, argi eta garbi erakusten dute Eibarko Udalaren apustu estrategiko hau fruituak ematen ari dela.
Horren adibide da Barrena kalean dagoen Hijos de Gabilondo tailer zaharra.
2025eko lehen seihilekoan hasiko da Udala berroneratze-lanak egiten; eraikina ekintzailetzarako, jarduera ekonomikorako eta enplegua sustatzeko erabiliko da. Gainera, ingurunea erabat eraldatuko da, elkartzeko eta aisialdirako guneak tartekatuz. Aurrekontua 9 miliotik gorakoa izango da.
Horren harira, hauxe azpimarratu du alkateak: "Espero dugu Hijos de Gabilondo berria erakarpen eta dinamizazio puntu bat bihurtzea hirian, Errebal Plazarekin lortu genuen bezala, eta Estaziño eta Azitain arteko trenbidearen gaineko pasealekuarekin batera, hiriaren ekialdearen eta bereziki Barrena kalearen berroneratzearen zutabeetako bat izatea”.
Eraikin horren berroneratzeaz gain, egindako beste lan bat ere aipatu behar da, gaur egun bigarren aukera hori bizi izaten ari dena: Andretxea.
Eraikina erosi ondoren, Udalak eraberritu egin zuen bai kanpotik —fatxada berezia sendotuz— bai barrutik; izan ere, urteen eta erabilera faltaren poderioz, gero eta egoera okerragoan zegoen. Aurrekontua, guztira, 2 milioi eurokoa izan zen. Gobernu zentralak 470.000 euro inguru eman zizkion Udalari, Toki Erakundeek Eraikin Publikoak Birgaitzeko Sustapen Programaren bidez, Next Generation Europako Funtsen Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren barruan.
“Alkatetza honetan beti azpimarratu dugu Andretxeak egiten duen lanaren garrantzia eta behar dituen bitartekoak emateko premia. Hasieratik, Berdintasun udal-zerbitzuaren, Emakumearen Mahaiaren eta herriko emakume-elkarteen eskutik joan ginen, eraikin zabal eta moderno honek Eibarko emakumeen kezkei, beharrei eta eskaerei erantzungo ziela bermatzeko. Behar edo nahi dutenean, hartuko dituen toki bat izateko. Emaitza ikusita, harrotasunez esan dezaket lortu dugula", esan du alkateak.
Birgaituko den beste eraikin bat Torrekuako lehengo anbulatorioa izango da, eta, beste erabilera batzuen artean, Amaña eta Legarreko pertsona nagusien zentro sozial berri bat hartuko du. Obrak martxan daude dagoeneko, eta aurrekontua 2 milioi eurotiko gorakoa izango da; aurreikusita dago lanak uda aurretik amaitzea. Andretxearekin gertatu zen bezala, Gobernu Zentralak 1.425.800,66 euroko dirulaguntza eman zion Udalari, Next Generation funtsetatik, eraikina birgaitzeko obrak egiteko.
“Bi proiektu hauek, batetik, erakundeen arteko lankidetzaren adibide argiak dira, eta, bestetik, Udalak laguntza-lerroa hautemateko eta behar den finantzaketa lortzeko egindako kudeaketa eraginkorraren isla."
Era berean, 2022an, Udalak 550.000 euro pasatxoan eskuratu zituen Barrena kaleko 34. zenbakian dagoen eta Lapeyra izenez ezagutzen den eraikina, Eusko Jaurlaritzari laga eta babestutako etxebizitzak egiteko. Gaur egun lan egiten ari da eraikinaren lagapena gauzatzeko 2025ean.
Azkenik, Eibarko Alkatetzak azken urteotan egin duen kudeaketari esker, hutsik dauden beste bi eraikini bigarren bizitza eman ahal izango zaie. Alde batetik, Bittor Sarasketako lehengo epaitegiena, Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa deba eta gazteentzako zuzkidura-bizitoki bilakatuko dena; obra hori martxan dago jada; eta, bestetik, AIBE enpresarena, zeina Eusko Jaurlaritzaren plan batean sartuta dagoen, eta datozen urteetan gazteentzako bizitoki bihurtuko den.
“Alkatetza honek badaki zer garrantzitsua eta interesgarria den gure hiriko eraikin hutsei, ahal denean, bigarren bizitza bat ematea. Orain arte egin dugun guztiak —eta asko da— agerian uzten du gure estrategia arrakastatsua dela, eta horrela jarraitu nahi dugu 2025ean ere”, adierazi du Jon Iraolak.