Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hirugarren urtez jarraian, diru-laguntzak enpresen ekintzailetza, finkapena eta ondorengotza bultzatzeko

Hirugarren urtez jarraian, diru-laguntzak enpresen ekintzailetza, finkapena eta ondorengotza bultzatzeko

Eibarko Udala.

2018/06/08

Hiru ildo ditu diru-laguntzen programak: Ekin, Iraun eta Osteko. Ekainaren 8an zabalduko da eskaerak aurkezteko epea eta azaroaren 30ean amaitu.

Eibarko Udalak berriz ere bultzatuko du aurten enpresen sorrera, finkapena eta ondorengotza, diru-laguntzen programa baten bidez. Azken bi urteotan izandako erantzuna dela-eta, Eibarko Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza sailak diru-laguntzen lerro hori zabaltzea erabaki du, 95.000 eurora iritsi arte.

Hiru ildo ditu diru-laguntzen programak: Ekin, Iraun y Osteko. Lehenik, Ekin programa dago, pertsona fisikoek, juridikoek edo ondasun-komunitateek enpresak sortzera bideratua. Bigarrenik, Iraun programa, instalazioak handitu dituzten industria-enpresei bideratua, edo Eibarren lekuz aldatu diren enpresei edo beste herri batetik Eibarrera datozen enpresei zuzendua; eta, azkenik, Osteko ildoa, dauden enpresetan ondorengotza edo belaunaldi-erreleboa diruz laguntzera bideratua.

Alberto Albistegui udal saileko arduradun zinegotziaren hitzetan, “ekintzaileei laguntzea Garapen Ekonomikoko sailaren ardatz nagusietako bat da eta gainera aurten beren instalazioak handitu dituzten enpresei lagundu nahi diegu eta baita beren instalazioak eta jarduera Eibarrera ekarri nahi dituztenei ere. Belaunaldi-erreleboari dagokionez, lagundu egin nahi diegu enpresei une kritiko horretan, hala, jarrai dezaten jardun ekonomikoa gure herrian izaten”.

Ekin programa enplegua sortzen duten eta haien egoitza soziala eta fiskala Eibarren finkatzen duten enpresei zuzenduta dago. Diruz lagunduko den proiektuak lanpostu bat sortu behar du —lanaldi osokoa edo partzialekoa— hamabi hilabetetan zehar; lanpostua proiektuaren sortzaileena ere izan daiteke. Dagoeneko existitzen den enpresa baten barne-ekintzailetza kasuetan, proiektu berriak gutxienez lanpostu zuzen baten sorrera eragin behar du. 

Diru-laguntza hori eskuratzeko baldintzetako bat da Bideragarritasun Plan bat egina izatea eta Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergaren hasierako alta 2017ko abenduaren 1aren eta 2018ko azaroaren 30aren artean emanda egotea.

Eskatzaileak pertsona juridikoak direnean, hauexek izango dira diru-laguntzak: jarduera ekonomikoari lotutako inbertsioak, webguneen aholkularitza eta diseinua, sare sozialak eta komunikazioa. Pertsona fisikoen eta ondasun-komunitateen kasuan, errentamendu-gastuak (alokairuak) diruz lagunduko dira. Zenbatekoa diruz lagungarriak diren gastuen % 90 izango da, gehienez ere 2.000 euro pertsona juridikoentzat, eta 1.000 euro pertsona fisikoentzat eta ondasun-komunitateentzat.

Iraun programaren kasuan, pertsona fisiko edo juridikoek, sozietate zibilek eta industria alorreko ondasun-komunitateek jasoko dute diru-laguntza, instalazioak lekuz aldatzeagatik edo handitzeagatik. Irauneko iazko oinarrietan sartutako berrikuntza bat izan zen Eibarren enpresak handitzeko eta Eibarrera enpresak erakartzeko diru-laguntzak ematea, jarduera ekonomikoa bultzatzeko asmoz. Laguntza eskuratzeko, enpresaren instalazioak lekuz aldatzea  edo handitzea 2018ko urtarrilaren 1az geroztik egina egon beharko da. Gainera, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egon beharko da 2017ko urtarrila baino lehen.

Iraun programaren barruan hauexek lagunduko dira diruz: ikerketa-gastuak, garapen-gastuak, jabetza industriala, aplikazio informatikoak, eraikuntzak (higiezinak eskuratzea eta eraikitzea izan ezik), instalazio teknikoak, makinak, tresnak, informazio-prozesuetarako altzariak edo ekipoak. Diru-laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen % 90 izango da, gehienez ere 3.000 €.

Osteko programaren diru-laguntzak ondorengotza edo belaunaldi-erreleboagatik emango dira. Instalazioek Eibarren finkatuta egon beharko dute, eta ondorengotza edo belaunaldi-erreleboa 2017ko abenduaren 1etik 2018ko azaroaren 30era bitartean egindakoa izan beharko da. Ezinbestekoa izango da bideragarritasun/ondorengotza plan bat egina izatea, Debegesaren aldeko oniritziarekin.

Osteko programan, diruz lagunduko dira enpresaren ondorengotza edo erreleboaren lehen 6 hilabeteetan martxan jartzeko eta funtzionatzeko dagozkion gastuak. Gastu hauek lagunduko dira diruz: jarduera ekonomikoari lotutako inbertsioak, errentamendu-gastuak (alokairuak), ondorengotza-protokoloa egitea, enpresaren know how delakoaren transmisioa eta aholkularitza azpimarratuz. Diru-laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen % 90 izango da, gehienez ere 5.000 €.

Diru-laguntza hauek eskatzeko epea —hiru lan-ildoetan— ekainaren 8an hasi eta 2018ko azaroaren 30ean amaituko da. Eskariak Pegoran entregatu beharko dira (Herritarren Zerbitzurak Bulegoa).