Heldu! ekintzailetza-programaren hirugarren edizioa martxan da

2024/06/21

Debegesarekin lankidetzan egingo da eta parte hartu nahi dutenek uztailaren 22ra arte eman dezakete izena. Programaren helburua da enpresa-ideia bat duten pertsonei aholkularitza eta laguntza ematea ideia hori probatzeko eta baliozkotzeko.

Eibarko Udalaren Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak, Debegesa eskualdeko garapen-agentziarekin lankidetzan, martxan jarri du HELDU! ekintzailetza berritzailea programaren hirugarren edizioa. Programa hau 2022an jarri zen martxan lehen aldiz, eta, orain arteko emaitza onak ikusita, Udalak programari jarraipena ematea eta beste edizio bat egitea erabaki du.

Programaren lan-saioak irailean hasiko dira, eta izena emateko epea uztailaren 22ra arte (egun hori barne) egongo da zabalik. Interesdunek helbide honetan eman dezakete izena: https://heldueibar.debegesa.eus/eu/heldu/.

Programa hau enpresa bat sortzeko ideia berritzaile bat izan eta proiektua Eibarren garatu nahi duen edonori dago zuzenduta. Honako jarduera-lerroak lehenetsiko dira: doitasun-ingeniaritza, industriari lotutako zerbitzuak, 4.0 industria, klima-aldaketa eta energia iraunkorra, eta kirolari aplikatutako teknologiak.

Parte hartzen duten pertsonek ikaskuntza-prozesu erabat praktikoa garatu ahal izango dute emaitzak lortzera bideratua, eta arloko adituek gidatua.  Horretarako, 100 ordu baino gehiago jasoko dituzte formazioan eta aholkularitzan. 40 ordu inguru formazio espezializatukoak izango dira, 50 ordu aholkularitzakoak eta 20 ordu tutoretza-saioetakoak.  Landuko diren gaiak honako hauek dira: negozio-ideiaren definizioa, proiektuaren zabalkundea, eta egitasmoa abian jartzeko beharrezkoak diren alderdi guztiak: abiapuntuko ideia baliozkotzea, estrategia, finantza-plana, marketin- eta salmenta-plana, ekipoak eta pertsonak, eta legezko alderdiak. Hori guztia emaitza zehatzak eta erabilgarriak lortzera zuzenduta, negozio-ereduaren definizioa eta enpresaren bideragarritasun-plana landuz.

Saioetan zehar, besteak beste, hainbat zerbitzu eta bitarteko jarriko dira ekintzaileen esku: tresna eta metodologia berritzaileak, ekintzaileen komunitate batekin harremanetan jartzeko aukera, instalazioak, finantzabideak eta inbertitzaile potentzialekiko kontaktua, BPTD elkarteko enpresa eta erakundeekin kontrastatzeko aukera, ikusgarritasuna eta networking-a eta enpresa berria martxan jartzeko izango dituzten baliabideei buruzko informazioa.

HELDU! programan amaitzean, hala behar duten proiektuek puntako profesionalen laguntza jasotzen jarraitu ahal izango dute, EHUNDU eta MAKE IN ekintzailetza-programen bidez.  Lehena – EHUNDU – enpresa-proiektu bat abian jartzea zailtzen edo zalantzan jartzen duten gai espezifiko eta konplexuak konpontzera bideratuta dago, eta bigarrena – MAKE IN – enpresa-ekimen berriak merkatuarekin konektatzera.

Aurreko urteko edizioaren emaitzak

HELDU! programaren aurreko urteko edizioak oso emaitza onak utzi zituen, iazko irailean hasi eta lau hilabetetan zehar garatu ondoren. 6 ekintzaile lanean aritu ziren Debegesako instalazioetan Udalak duen enpresa hazitegian.

Parte-hartzaileek landu zituzten proiektuak eta ideiak, besteak beste, turismo aktiboa, kultura eta sormen industriak, eransketa bidezko fabrikazioa, industriari lotutako zerbitzuak eta osasuna eta kirolaren arlokoak izan ziren. Momentuz, emaitza gisa, 6 proiektu horietatik 5 jarri dira martxan edo 2024an zehar martxan jartzeko bidean daude.