Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gobernu zentralak 1,4 milioi euroko dirulaguntza bat eman dio Udalari, Torrekuako anbulatorio zaharraren eraikina birgaitzeko

Torrekuako anbulatorio zaharraren artxiboko irudia.

Torrekuako anbulatorio zaharraren artxiboko irudia.

2023/04/17

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak sustatutako Eraikin Publikoen Birgaitzea Bultzatzeko Programaren esparruan eman da dirulaguntza. Eibarrek aurkeztutako proiektua egindako deialdian onartu den gutxienetako bat izan da.

Gobernu zentralak 1.425.800,66 euroko dirulaguntza bat eman dio Eibarko Udalari Torrekuako anbulatorio zaharraren eraikinean birgaitze-lanak egiteko; Toki Erakundeek Eraikin Publikoak Birgaitzeko Sustapen Programan sartzen da laguntza hori,  hain zuzen Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak sustatutako programa, eta Next Generation Europako funtsen Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren parte dena. 

Eibarko Udalak duela aste batzuk aurkeztu zion dirulaguntza eskaera Gobernu Zentralari, eta, orain, Ministerioaren aldeko ebazpena jaso du. Nabarmentzekoa da Estatuko 1.000 udalek baino gehiagok (1.027, zehazki) eskatu zutela programa horretarako laguntza, eta 188ri bakarrik eman zaiela (eskaeren % 18ri), tartean Eibarri.  Programa horrek toki-entitateei zuzendutako 600 milioi euroko partida bat zuen.

Dirulaguntza eman dela jakin ondoren, Jon Iraola alkateak zera esan du: “Oso albiste ona da; izan ere, Ministerioaren ustez, proiektua bat dator deialdian ezarritako baldintzekin, eta obraren kostuen zati handi bat ordaintzeko aukera emango digu”.

Iraolaren arabera, “dirulaguntza emateko orduan honakoak baloratu dira: eraikinaren birgaitzean eraginkortasun energetikoa hobetzeko ekimenak hasieratik sustatzeko konpromisoa eta eraikinari emango zaion erabilera soziala. Gainera, dirulaguntza handi horri esker, aurrezpen ekonomiko handia lortuko dugu, eta hori hirirako estrategikoak diren beste proiektu batzuetara ere bideratu ahal izango dugu”.

Horrela, 1,4 milioi eurotik gorako dirulaguntzak proiektatutako obraren aurrekontua ordaintzeko aukera emango du, neurri handi batean, udal-teknikariek egindako memoria eta txostenetan egindako kalkuluen arabera. Nolanahi ere, obrak gauzatzeko proiektua egiteko dago oraindik, gaur egun idazketa-fasean ari baitira.

Hain zuzen, Udalak joan den martxoan adjudikatu zion Basa Arquitectura S. Coop Pequeña Profesional enpresari eraikina birgaitzeko proiektuaren idazketa-lana, 79.000 eurotan. Enpresak, adjudikazioaren arabera, 13 aste zituen proiektua idazteko; beraz, urtearen erdialderako eginda egongo dela uste da, eta une horretan aterako da lanak gauzatzeko lizitazioa.

Adjudikatutako proiektuak eraikina birgaitzeko beharrezkoak diren lanak jasotzen ditu; bertan, obrak egin ondoren, Amaña auzorako jubilatu-etxe bat egiteko eta izaera sozialeko beste zerbitzu batzuk martxan jartzeko asmoa du Udalak.

Udalaren asmoa da lehenengo fasean inguratzaile termikoaren birgaitze energetikoa egitea, eraikinaren portaera energetikoa hobetzeko. Eraberritze-lanak fatxadan eta estalkian egingo dira, eta klimatizazio-instalazio berriak eta zoru erradiatzailearekiko berokuntza-instalazioak ezarriko dira.

Ondoren, barrualdea eraberritzeko obrak egingo dira, eraikinaren beheko solairuan jubilatu-etxe bat egokitzeko eta komunikazioa eskaileren eta igogailuaren bidez birgaitzeko. Eraikinak, halaber, formazio-gelak, beste areto batzuk eta kafetegi bat izango ditu.

Eraikinak oinplano angeluzuzena du eta solairu bakoitzeko 555 metro koadro inguru. Sotoa, beheko solairua eta bi goi-solairu ditu. Azken solairuak azalera txikiagoa du, 111 metro koadrokoa baita.

Torrekuako anbulatorio zaharraren eraikina udal-jabetzakoa da duela urte batzuetatik hona, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak instalazio horietan eskaintzen zuen osasun-zerbitzua Eibarko Ospitalera eraman ondoren.