Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Etxebizitzen fatxadetatik pintaketak kentzeko kanpaina berri bat egingo du Udalak

Artxiboko irudia.

Artxiboko irudia.

2022/07/26

Beren higiezinetatik pintaketak kentzea nahi duten jabe-erkidegoek gaur hasi eta irailaren 30era arteko epea dute eskabidea egiteko. Bitartean, Udala udal-eraikinetako fatxadetan eta hormetan hasiko da garbitzen.

Eibarko Udalak kanpaina berri bat jarri du abian titulartasun pribatuko eraikinetako fatxadetan pintaketak kentzeko. Aurreko urteetan ere gauzatu da programa hori, eta herritarrek oso harrera ona egin diote. Interesa duten auzotarren komunitateek dagokion eskaera egin beharko dute.

Lan horiek egiteko udal-inbertsioa 70.000 eurokoa izango da pertsonalaren kostuetan; diru horri gehitu behar zaio materialaren kostua, lanak egiteko beharrezkoa.  Gainera, azpimarratu behar da aparteko garbiketa-lan hauez gain, Udalak urtero 80.000 eurotik gora inbertitzen dituela Mankomunitateak Eibarko espazio publikoetan pintaketak kentzeko lanetarako.  

Jon Iraola alkatearen hitzetan: “Jakitun gara herrian zehar ikusten diren pintaketek zikinkeria- eta utzikeria-itxura ematen dutela. Horregatik, urtero, 150.000 eurotik gorako kopurua bideratzen dugu, paretak, hormak eta fatxadak, bai publikoak bai pribatuak, pintaketarik gabe egon daitezen.  Garbiketa-lan handia egiten dugu, baina alferrik da dena jendeak ez badu zibismoz jokatzen; hortaz, oso gertutik egiten diegu segimendua grafitiak eta pintaketak egiten dituztenei, eta bidezkoak diren isunak jartzen dizkiegu, ahal den neurrian, gure herrian jarduera horiek saihesteko asmoz."

Kanpaina honetan parte hartzeko epea gaur hasi  (uztailak 26) eta irailaren 30era arte egongo da zabalik. Eskabidea honako hauek egin dezakete: jabe-erkidegoen buruak, jabeak (jabe bertikala/ondasun-erkidegoa), merkataritza-lokalaren jabeak edo errentariak, edo aurrekoen lege-ordezkariek.

Jabeen erkidegoek eta merkataritza-lokalek modu elektronikoan egin behar dute eskaera, Udalaren web-orriaren bidez (www.eibar.eus ); pertsona fisikoek (jabe bakarrak), berriz, elektronikoki edo aurrez aurre egin ahal izango dute, Herritarrentzako Zerbitzu Bulegoan (Pegora).

Bide elektronikoa aukeratuz gero, esteka honetara sartu beharko da https://www.eibar.eus/eu/tramiteak/tramiteak-zerbitzuak/zerbitzuak/fatxadetako-pintaden-garbiketa?set_language=eu:  Horretarako, inprimakia bete beharko da eta koloretan margotutakoaren argazkia edo irudia erantsi.  Eskabide presentziala Pegoran egingo da, dokumentazio bera eramanez.

Egun hauetan, Udala ohar bat jartzen ari da atarietan, komunitate bakoitzari programaren baldintzen berri emanez. Jakinarazpen horretan, gogoratzen da higiezin eta eraikinen garbiketa eta apainketa titularrei dagokiela.

Idazki berean adierazten da bide publikoarekin muga egiten duten fatxadetan jardungo dela, betiere eskabide fede-emailea badago zeinean Udala salbuesten den pintaketak garbitzeak eragin ditzakeen higadura edo kalteen edozein erantzukizunetatik.

Eskabidea jaso ondoren, Udalak pintaketak edo grafitiak aztertuko ditu, eta fatxadaren ezaugarriak kontuan hartuta (materialak, babes maila, eta abar), esku hartu ala ez erabaki dezake. Ezin badira ohiko bitartekoekin ezabatu, pinturarekin estaliko dira.

Kanpaina hau aurrera eramateko, Udalak hiru pertsona kontratatu ditu Lanbide bidez; lanak uztailetik urrira bitartean egingo dira.  Data horretatik aurrera, beste hiru pertsona hasiko dira lanean otsailera arte.

Kanpainaren lehen fase batean, irailaren 30era arte, kontratatutako pertsonak arduratuko dira udal-eraikinetako fatxadetan eta hormetan pintaketak kentzeaz; horretarako zerrenda bat dago dagoeneko Udaltzaingoak emana.  Eta bigarren fase batean, irailaren amaieratik aurrera, fatxada pribatuei buruz egindako eskabide guztiak jaso ondoren, fatxaden garbiketari ekingo zaio urtarrilera arte.

Pintaketak kendu eta fatxadak garbitzeko ekimen hau beste era bateko neurriekin osatzen ari da.  Hain zuzen, Udala esfortzu handia egiten ari da pintaketen egileak identifikatu eta haien ekintzen erantzukizuna beren gain har dezaten.

Nolanahi ere, Udalak dei egiten du zibismoz jokatzeko, herriaren estetika errespetatu eta herriko kaleak eta fatxadak garbi eta txukun egon daitezen.