Eraikin partikularretatik pintadak kentzeko doako programa bat jarriko du martxan Udalak

Herriaren irudia hobetzeko doako zerbitzu bat. Eskaerak uztailaren 22tik irailaren 30era bitartean aurkeztu beharko dira.
Eraikin partikularretatik pintadak kentzeko programa bat jarriko du martxan Udalak. Ekimen honetan izena emateko eskaera uztailaren 22tik irailaren 30era bitartean egin beharko da. Zerbitzu hau, guztiz doakoa dena, bizilagunen erkidegoei, jabekide bakarrei eta merkataritza-lokalei zuzenduta dago. Neurriaren helburua herriaren itxura hobetzea da, eta orain arteko edizioek izandako erantzun onaren harira dator.
Jon Iraola Eibarko alkateak zera azpimarratu du: “Gure fatxaden garbiketa heziketa- eta irudi-kontua da. Jabetza pribatuak izan arren, Udalean uste dugu haiek mantentzen laguntzea eibartar guztien mesederako dela. Horrez gain, nabarmendu duenez, “oinarrizkoa da herritarrak gure herri-ingurua zaintzeko ardura hartzea. Erakundeen ahalegina erantzukizun indibidualaren eskutik joan behar da”.
Pedro Escribano Zerbitzuetako zinegotziak gaineratu duenez, “herritarren artean oso harrera ona du programak. Gure helburua da Eibarko irudia hobetzen jarraitzea eta herritarrei tresnak ematea hala izan dadin. Dei egiten diegu jabekide eta erkidegoei parte har dezaten”.
Eskaerak uztailaren 22tik irailaren 30era bitartean aurkeztu beharko dira. Pertsona fisikoek (jabekide bakarrek) aurrez aurre egin ahal izango dute eskaria Pegoran, aurretik hitzordua hartuta, ahal dela. Gainerako interesdunek, hala nola jabekideen erkidegoek, merkataritza-lokalen jabeek edo haien ordezkariek, Impulsa udal-plataforma elektronikoaren bitartez egin beharko dute eskaria. Kasu guztietan beharrezkoa izango da ezabatu nahi den pintadaren koloretako argazki bat bidaltzea, Udalak fatxadan esku hartzeko berariazko baimenarekin batera. Udalak ez du inolako erantzukizunik izango garbiketa-prozesutik erator daitezkeen higadura edo kalteengatik.
Eskaera jarraian aipatzen diren kargu hauetakoren bat duen norbaitek aurkeztu beharko du, beharrezkoa izango baita erantzukizunez adieraztea legezko ordezkari gisa jarduten dela. Zerbitzua eska dezakete jabeen erkidegoko presidenteak, jabeak jabetza bertikalaren edo ondasun-erkidegoaren kasuan, merkataritza-lokalaren jabeak edo errentariak, edo horietako edozeinen legezko ordezkariak. Bizilagun batek programan parte hartu nahi badu, ordezkaritza horretan diharduenarekin jarri beharko du harremanetan, dagokion bezala.
Udalak kasuan kasuko azterketa egingo du, fatxadaren ezaugarri teknikoak kontuan hartuta, hala nola material mota edo babes-maila.
Ohiko metodoak erabilita pintada kentzea ezinezkoa den kasuetan, pinturaz estaliko da. Esku-hartzea bide publikora ematen duten fatxadetan baino ez da egingo.