Eibarko Udala
topaketa

Elkarteen topaketa bat egingo da Eibarren, herriko ehun soziala indartzeko eta elkarteek beren lana gizarteratzeko

2025/10/01
Errebal Plazia.
Errebal Plazia.

Ekitaldia Errebaleko eraikinean egingo da urriaren 4an, eta hamabost bat erakundek hartuko dute parte egingo diren jarduera ludiko eta mahai-inguruetan. Horrez gain, Udalak elkarteen gida bat argitaratu du, herritarrak eta herriko elkarteak harremanetan jartzeko.

Datorren larunbatean, urriak 4, Errebaleko eraikina Eibarko elkarte-ehunaren epizentro bihurtuko da, Udalak antolatutako “Elkarteen Topaketa” ekimenarekin.  Hitzorduak, herriko elkarte ugariren berri eman eta haiek dinamizatzea helburu duena, 11:00etan hasi eta 14:00ak arte iraungo du, nahiz eta elkarteak 10:30erako stand-ak montatzen hasiko diren. 

Jardunaldia erakusketa bat baino gehiago izango da, elkarteen eta herritarren arteko topagune izatea baitu xede. Goiza girotzeko, hainbat jarduera paralelo antolatu dira. Gurutze Gorriko boluntarioak hurbiltzen diren umeekin jolasak antolatzeaz arduratuko dira.  Horrez gain, 13:00etan, hainbat elkartek mahi-inguru batean hartuko dute parte Eibarko elkartegintzaren iragana, oraina eta etorkizuneko erronkez gogoeta egiteko. Amaieran luntxa egongo da parte-hartzaile guztientzat.

Topaketa honen osagarri gisa, Udalak Elkarteen Gida bat egin du, herritarren esku egongo dena,  herriko kolektiboen eskaintza zabalaren berri izatea errazago izan dadin.

Jon Iraola Eibarko alkateak ilusioa erakutsi du “herriaren pultsurako ezinbestekoa” den jardunaldi honen aurrean: “Elkarteak gure herriaren bizkar-hezurra dira, herritarrek ekintzak antolatu, proposatu eta eraikitzeko baliatzen duten espazioa. Udalean haien lana babestu beharra dugu, eta tresnak eskaini haien ahotsa eta lana entzun eta bistaratu daitezen. Topaketa hau ez da amaiera-puntua; aitzitik, abiapuntua da Eibar elkartuago, parte-hartzaileago eta indartsuago sortzen jarraitzeko”, adierazi du Iraolak, elkartegintzarekiko Udalak duen konpromisoa erakutsiz. 

Bestalde, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Sonia Archelik deialdi honen izaera integratzailea eta jai girokoa nabarmendu du. “Egun hau baliatu nahi dugu elkar ezagutzeko, bizipenak partekatzeko, eta batez ere, eibartarrek ezagutu dezaten zein aukera zabala duten herriko bizitza sozialean parte hartzeko. Jende guztiarentzako giroa sortu nahi dugu, alderdi ludikotik (umeentzako jolasak) hasi eta hausnarketarako bidea emateraino (mahai-ingurua).  Ilusio handiz prestatutako eguna da, ospatzeko eta eskerrak emateko, musu-truk Eibar hobetzeko egunero lanean dihardutenentzat”.