Eibarrek Euskadiko tokiko lehenengo enplegu- eta garapen-planetan parte hartuko du

Estrategia berriak udal-eskumena aitortzen du enplegu-politiketan, eta erakundeen arteko lankidetza indartzen du.
Eibarko Udala Euskadiko tokiko lehenengo enplegu- eta garapen-planen fase pilotuaren parte izango da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak bultzatutako ekimen honek 7 milioi euroko inbertsioa izango du 2026ra arte.
Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak asteartean iragarri zuen Arabako Teknologia Parkean estrategia aitzindari honen hasiera; izan ere, plan honek lehen aldiz aitortzen du udalerriek enpleguaren arloan duten eskumena, eta erakundeen arteko lankidetza indartzen du.
Aurkezpenean izan ziren, halaber, Jon Iraola Eibarko alkatea eta Vanesa Hortas Ekonomiaren Garapen eta Enplegu zinegotzia, udalerriaren ordezkari gisa, eta berretsi egin zuten hiriak kalitatezko enplegua sortzeko eta tokiko garapen ekonomikorako duen konpromisoa.
Jon Iraola alkatearen hitzetan “Gure Udalarentzat, plan honetan parte hartzea aukera historikoa da. Gure herriko errealitatera egokitutako enplegu-politika aktiboak diseinatu ahal izango ditugu, eta Eibarrek eskualdean motor ekonomiko eta sozial izaten jarrai dezan lagunduko dugu. 40 eragilek eta 150 industria-enpresak osatutako zerrenda izango dugu, Lanbiderekin, elkarteekin eta prestakuntza-zentroekin batera. Guztiak dira ezinbestekoak bide honetan”.
Vanesa Hortas zinegotziak, bere aldetik, proiektu honen esparruan herritarrekiko hurbiltasunak duen garrantzia azpimarratu du: "Plan pilotu honi esker, zuzenean lan egin ahal izango dugu Eibarko langabeen premiei aurre egiteko, ibilbide pertsonalizatuagoak eskainiz eta tokiko enpresa-sarearen lehiakortasuna eta laneratzea sustatuz”.
2025eko hasierako fase honetan, udalerriko egoera sozioekonomikoaren eta laboralaren diagnostikoa egin, helburu zehatzak definitu eta lehentasunezko ekintzak diseinatuko dira, kalitatezko enplegua sortzeko bidean aurrera egin ahal izateko.
Plan hauetarako inbertsioa 1,56 milioi eurokoa izango da 2025ean, eta 5,47 milioikoa 2026an. Trantsizio-eredu horrek berdin jarraituko du, harik eta Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak kontzeptu hau udalaren eskumen bihurtu arte.
Eibar, beste herri eta toki-entitaterekin batera, hala nola EAEko hiru hiriburuekin, eta Barakaldo, Sestao, Errenteria edo Durangaldeko eta Oarsoaldeko mankomunitateekin batera, lehen esperientzia honen parte izango da, eta 2026tik aurrera euskal lurralde osora hedatuko da.