Eibarko Udala
udaltzaingoa

Eibarko Udaltzaingoak lapurreta bat saihestu zuen larunbat gauean

2025/09/23
Udaltzaingoaren autoa.

Agenteek bi susmagarri antzeman zituzten, goizaldeko 4:30ean. Ertzaintzarekin batera egindako lanari esker, lapurtutako bizikleta bat berreskuratu zen.

Larunbat gauean, Eibarko Udaltzaingoak izandako erreakzio azkarrari esker, lapurreta bat saihestu zen. Goizaldeko 4:30ean, agenteek lapurretak eta ebasketak egin izanaren susmagarri bi harrapatu, identifikatu eta erregistratu egin zituzten.

Jon Iraola Eibarko alkateak esku-hartze honen garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta publikoki “onartu gure Udaltzaingoaren lan bikaina, oraingoan ere profesionaltasuna eta hurbiltasuna  erakutsi dute-eta. Agenteen erreakzio azkarrak ahalbidetu zuen lapurreta bat saihestea eta bizilagunen zenbait ondasun berreskuratzea”. Era berean, azpimarratu duenez, “Ertzaintzarekin lankidetzan aritzea funtsezkoa da Eibarren segurtasuna bermatzeko”. 

Ikuskaritzan, agenteek gertuko zakarrontzi batean bi sarraila-zilindro aurkitu zituzten, baita sasi artean abandonatutako bizikleta bat ere.  Ondoren, patruila bera konturatu zen hainbat garaje zabalik zeudela edo sarraila-zilindroak behartuta zituztela.  Berehala eman zitzaien horren berri jabeei, eta haietako batek egiaztatu zuen bizikleta falta zitzaiola, hain zuzen ere, agenteek berreskuratu zutena.

Susmagarriak atxilotu egin zituzten, indarra erabilita lapurretak egitea leporatuta. Ertzainak ere parte hartu zuen operatiboan,  herriko polizia-koordinazioa indartuz.

Azkenik, alkateak adierazi duenez, “gure Udaltzaingoa ahalegin izugarria egiten ari da herritarren ondoan egoteko eta edozein egoeraren aurrean eraginkortasunez erantzuteko. Udaletik indartu egingo dugu lan hori neurri berriak jarriz:   aurten trafiko-kamerak jartzen hasiko gara, joan-etorrien berri zehatzagoa izateko eta segurtasuna hobetzeko. Auzozainen figura ere berreskuratuko da, izan ere, funtsezko figura da auzoetan presentzia handiagoa izateko orduan.