Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak lau neurgailu kontratatu ditu Eibarko airearen kalitatea zein den jakiteko

Eibarko Udalak lau neurgailu kontratatu ditu Eibarko airearen kalitatea zein den jakiteko

Eibarko aireko irudia.

2020/02/10

Eusko Jaurlaritza neurketak egiten ari bada ere, Miguel de los Toyos alkateak proposatuta, datozen orduetan aparatuak jarriko dira Amañako ikastetxean, Ipuruako kiroldegian, Uni Eibar-Ermuan ikastetxean eta baita Azitaingo Lantegi Eskolaren parean ere. De los Toyosek erabaki horren eta luiziaren egoeraren berri eman die Bozeramaileen Batzarreko udal ordezkariei, eguerdian egin den saioan.

Eibarko Udala, joan den ostegunean AP-8 autobidean izandako lur-jausiaren ondoren, gertutik jarraitzen ari da gertakariaren ondorioz sortzen ari diren mugimendu eta informazio guztiak. Udalaren lehentasun nagusia da zabortegiko bi langileen familiei eta hurbilekoei laguntzea eta Eibarko herritarrak lasaitzea, sor daitekeen kezkaren aurrean.

Hala, alkateak erabakita, lau neurgailu kontratatu dira herriko airearen kalitatea ezagutzeko. Datozen orduetan jarriko dira Amañako ikastetxean, Ipuruako kiroldegian eta Uni Eibar-Ermuan ikastetxean —Eibarko mendebaldeko guneak hirurak— eta baita  Azitaingo Lantegi Eskola parean ere —ekialdean—, hiriko bi muturren artean egon daitezkeen aldeak ezagutzeko, halakorik balego.

Alkateak erabakiaren berri eman die udal ordezkariei gaur eguerdian urgentziaz egin den Bozeramaileen Batzarrean, non luiziaren inguruko informazio guztia azaldu duen.

Nahiz eta asteburu honetan zehar Eusko Jaurlaritzak hainbat neurketa egin Zaldibarko zabortegiaren inguruan, eta, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren iturrien arabera emaitza horiek zehaztu duten "ez dagoela gorakada nabarmenik eta konposatu organiko lurrunkorren profila egonkor eta ohiko mailen barruan mantentzen dela", erabaki da neurketak indartzea, datu zehatzagoak lortzeko eta eibartarrak lasaitzeko, kezka eta alarma uxatuz.

Neurketen ondorioz lortutako datuak egunero emango zaizkie herritarrei ezagutzera, Eibarko Udalaren kanalen bitartez.

etiketak: neurgailuak, Eibar, airea