Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak kanpaina bat egingo du egunotan Eibar futbol taldeari babesa emateko

2021/04/22

Atzo arratsaldean egindako Bozeramaileen Batzordeak erabaki du, Jon Iraola alkateak proposatuta, Eibar taldearen bandera udaletxearen erdiko balkoian jartzea, eta Udalaren babesa irudikatuko duen argazki bat egitea. Argazki horretan, Iraola eta talde bakoitzeko bozeramaileak klubaren kamisetarekin jantzita aterako dira. Era berean, Eibarko Udalak herriko eragile sozialak, enpresak eta herritarrak animatu nahi ditu Eibarren aldeko olatu honekin bat egin dezaten. Aste hauetan dago jokoan Lehen Mailan segitu ala Bigarren Mailara jaitsi.

Eibarko Udalak Eibar futbol taldea babesteko kanpaina bat egingo du datozen egunetan, Bozeramaileen Batzordeak, atzo arratsaldean egindako bilkuran, aho batez erabaki baitzuen futbol-taldearekiko maitasun-sentimendua agerian uzteko hainbat ekintza egitea.

Horrela, bada, Jon Iraola alkateak, Kluba jasaten ari den egoeraz jabeturik, eta taldearen ordezkariek laguntza eskatu ondoren, bozeramaileei proposatu die hurrengo egunetan Eibarko taldearen bandera udaletxearen erdiko balkoian jartzea, Eibarko udaletxearen lekurik enblematikoena delako, eta alkateak eta udal talde bakoitzeko bozeramaleek argazki bat ateratzea SD Eibarren kamisetarekin jantzita, klubaren alde daudela adierazteko.

Egun hauetan oso garrantzitsua da laguntza hori; izan ere, taldeak partida erabakigarriak jokatuko baititu Lehen Mailan jarraitzeko edo Bigarren Mailara jaisteko.

Horregatik, Eibarko Udalak gonbit egiten die herritarrei eta hiriko eragile sozial, kultural eta ekonomikoei Eibarko futbol-taldearekin bat egin dezaten.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Eibar taldeak gure beharra du. 7 urte hauetan, Lehen Mailan, erakutsi digu kirol- eta giza balio benetan handiko kluba dela. Herria, funtsean, Eibar da, eta Eibar da herria. Une erabakigarri hauetan, sekula baino garrantzitsuagoa da klubak ikus gaitzala eta gure maitasuna eta laguntza senti dezala”.

Eta zera gaineratu du, “sufrimendu-aste batzuk geratzen zaizkigu SD Eibar lehen mailan geratuko den jakin arte, baina, hala ere, ziur nago eibartarrok beti jakingo dugula gure koloreen ondoan egoten, une gozoetan eta ez hain gozoetan klubaren ondoan egoten, Eibarren beti egin izan dugun moduan”.