Eibarko Udalak 2.000 euroko diru-laguntza bidaliko du Indonesiara

2018/10/11

Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren bitartez bideratuko den diru-laguntza honekin, lurralde hura suntsitu duen lurrikararen eta ondorengo tsunamiaren ondorioak arintzen lagundu nahi da.

Eibarko Udalak, Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren bitartez, 2.000 euroko larrialdiko diru-laguntza bat bideratu du, joan den irailaren 28an Indonesian izandako lurrikararen eta tsunamiaren ondorioz sortutako kalte larriak arintzen laguntzeko. Modu honetan, Eibarrek elkartasuna adierazi nahi dio Indonesiari, non 7,5 graduko lurrikarari eta Donggala, Mamuju eta Palu inguruak kolpatu dituen tsunamiari, abuztuan irlak astindu zituzten hainbat lurrikarak eragindako triskantza gehitu behar zaion.

Kopuru ofizialek 400 hildakori buruz hitz egiten badute ere, Indonesiako Gurutze Gorriak egindako txosten baten arabera, kopuru hori 1.000 hildakotik gorakoa da eta eragindako populazioa milioi eta erdi biztanle baino gehiagokoa. Ia 200.000 pertsona urgentziazko giza laguntzaren premian daude, eta horietatik 50.000 umeak dira.

Bestalde, luiziak direla-eta errepideak moztuta daude eta aire-komunikazioak mugatuta, emergentziak, bilaketa-lanak, erreskateak eta laguntza humanitarioa lehentasunezkoak baitira. Gurutze Gorriko iturri berberek adierazi dutenez, halako premiek dute orain lehentasuna: ur-hornidura, saneamendua, higienea, elikadura, laguntzarako artikuluak, arreta sanitarioa eta laguntza psikosoziala.

Une hauetan, Gurutze Gorriko 200 boluntariotik gora daude Indonesian lanean premia horiei erantzun nahian, eta lortu da, besteak beste, 15 anbulantzia eta 22 zisterna-kamioi eramatea, uraren eta saneamenduaren horniketa bermatzeko. Nolanahi ere, oraindik laguntzaren beharrean daude, azken egunotako ekaitz gogorren ondorioz egoera larriagotzen ari baita.

Eibarko Udalak Indonesiarako jarritako 2.000 euroak Giza Laguntzarako Proiektuen “hondamendi naturaletarako dohaintzak” partida barruan sartu dira. Udalak urtero partida ekonomiko bat jartzen du halako kasuetarako, urtean zehar eta munduko edozein lekutan sortzen diren unean uneko premiei erantzuteko.

Hala, Indonesiara Gurutze Gorriaren bidez bidaliko diren 2.000 euroei beste 2.000 euro gehitu behar zaizkie, joan den ekainean Guatemalara igorri zirenak, Fuego sumendiaren erupzioaren ondorio larriak arintzen laguntzeko. Iazko urtean, eta lankidetza-programa beraren barruan, lau diru-laguntza eman ziren, Perun, Sierra Leonan, Kariben eta Filipinetan gertatu ziren hondamendi naturalen kasuetarako; diru-laguntzen zenbatekoa guztira 11.000 eurokoa izan zen.