Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udal Artxiboak 2.922 kontsulta jaso zituen 2018an, aurreko urtean baino %15 gehiago

2019/01/11

Eibarko Udal Artxiboak bertara etorri ziren 542 erabiltzaile hartu zituen, 2.072 kontsulta egin zituztenak udal dokumentazioaren gainekoak, gehienak Eibarko hirigintzarekin eta estatistika orokorrarekin lotutakoak (erroldak, industria matrikulak…). Urtean zehar 586 kaxa gehitu zitzaizkion Artxiboari, udaleko zenbait departamentutatik etorritakoak.

Kontsulta gehienak, 2.072, bertara etorrita egin ziren, hau da, Artxiboaren instalazioetan bertan egin ziren. Igoera handiena, aldiz, etortzeke web orriaren bidez edo posta elektronikoz egindako kontsultetan izan da.

Jarduerak

Aurreko urtean, Federico Rodríguez Cabezón ingeniariak hitzaldia eman zuen Udal Artxiboan, Condor legioak 1937ko apirilaren 24an Eibarren jaurti zuen lehergailuak eragindako inpaktuari buruz. Horrez gain, Artxiboen Nazioarteko Egunaren harira, idazketa tailer bat antolatu zen, Pepe Sainz Arabako Foru Aldundiaren Artxiboaren zuzendariak gidatu zuena. Tailerrak parte-hartze aurreikuspen guztiak gainditu zituen eta bertaratutakoek idazketaren bilakaera eta haren euskarriak ezagutu zituzten eta praktikatu ahal izan zuten kalamu, hegazti- luma, papiro eta pergaminoekin.

Lankidetzak eta ikerketa

2018an Udal Artxiboak Ballet Eibarrés-ekin lankidetzan jardun zuen Coliseo Antzokian Juanita Unzueta dantza irakasleari egin zitzaion omenaldian, eta Exfibar Eibarko Filatelia Elkartearekin Udal Artxibategiari eskainia izan den aurtengo erakusketan. Horretarako, triptiko bat sortu zen eta dokumentuen fondoaren irudiak gehitu ziren Elkarteak Kultur Etxean urtero erakusten dituen seilu bildumekin batera.

Udal funtsen dokumentazioa ikerketa eta zabalkunderako zenbait proiektutan erabili da aurten. Horien artean azpimarratzekoak dira Mikel Aparicio Azpilicueta arkitektoaren Eibarko industria ondarearen inguruko lana, Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena dela eta EITBk egindako dokumentala, “Viaje por el País de los recuerdos” Toribio Etxeberriaren liburuaren laugarren edizioa, Niceto Muguruza mediku eibartarraren "Nociones generales de higiene del obrero siderúrgico" lanaren berrargitalpena Lan-medikuntzaren Euskal Elkarteak egindakoa, Star arma-fabrikari buruz Manuel Estirado Blas arma espezialistaren argitalpena.

Dohaintzak

2018ko urriaren 7an, eta Ondare Audiobisualaren Mundu Egunarekin bat eginez, KTB tokiko telebistaren irudien artxiboa Udalari lagatzeko hitzarmena sinatu zen. 1.095 zinta dira, hainbat formatutan, Eibarko gertakari gertuenei buruzko ia 2.000 grabazio-ordu biltzen dituztenak. Artxiboaren asmoa da irudi horiek digitalizatzea, hobeto kontserbatu eta zabaldu daitezen.

Zaharberritzea

2018an Eibarko ondare historiko-dokumentalaren agiri bat zaharberritu zen: Félix de Aramburu eskribauak Frantziako tropen erasoaren eta hirian ondoren sortu zen sutearen inguruan 1794ko irailean egindako txostena. 6 folioetan sutearen kontaketa zehatza egiten du; sutean udaletxea, umeen eskola, Eibarren zeuden bi notariotzatako bat eta 116 etxe baino gehiago desagertu ziren.

Bisita gidatuak

Aurreko urtean zehar, Eibarko Udal Artxiboak bisita gidatuak antolatu zituen bere instalazioetara, Udalak berak zein partikularrek sortzen dituzten dokumentuak non tratatu, gorde eta zabaltzen diren erakusteko.