Eibarko alkatea Etxebizitza Ministerioan egon da "Europan 17" proiektuaren berri ematen
Proiektuak Txonta auzoaren berroneratze integrala planteatzen du. Industria-ondareaz baliatzea da proposamenaren oinarri.
Atzo, Jon Iraola Eibarko alkateak Europan 17 proiektuaren aurkezpenean parte hartu zuen atzo, abenduak 10, Etxebizitza Ministerioaren egoitzan Madrilen. Aurkezpenean azaldu zuen proposamenak zuzenean eragiten diola Eibarri, eta, bereziki, herriko industria-memoria handiena gordetzen duen Txonta auzoari.
Txontak, hamarkadetan zehar, industria-jardueraren galeraren ondorioak, lantegi zaharren degradazioa eta kalitatezko espazio publikorik eza pairatu ditu. Europan lehiaketaren helburua izan da erantzun integral bat ematea, eraikin jakin baten birgaitzetik harago, hiri-inguru guztia berroneratze aldera.
Proposamenaren oinarririk nagusiena da zuzkidura-bizitokiak egitea, batik bat gazteei edo emantzipazio-prozesuetan murgildutako pertsonei begira. Neurri honek, populazioa finkatzeaz gain, auzoa dinamizatzea eta haren gizarte-ehuna du xede, betiere Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailarekin elkarlanean, Txontarako aurreikusita dagoen birgaitze integralaren barruan.
AIBEko eraikin zaharra eraitsi beharrean, proiektuak bertan esku-hartze bat egitea aurreikusten du, eta, hala, haren esentzia eta industria-hizkuntza kontserbatu. Eraikina —Eibarko identitateri estuki lotua— berreskuratzeak ondarea gordetzea eta eguneratzea ahalbidetzen du, baita erabilera garaikidea ematea ere.
Aurkeztutako proiektuak benetako jasangarritasunaren aldeko apustua egiten du: dagoenaren gainean lan egin hondakinak eta isurtzeak murrizteko, mendi-magala birnaturalizatu, gune berdeak sortu, uraren kudeaketari arreta jarri eta auzoko topografia konplexuari aurre egin.
Ezaguna da Txontan desnibel handiak, izugarrizko aldapak dituzten kaleak eta osatugabeko hiri-loturak daudela. Proiektuak aurre egingo dio erronka horri ibilbide irisgarriak eta espazio publiko berria sortuz, zeinak Txonta kalea eta auzoko goiko kotak lotuko dituzten, bertan bizi direnen eguneroko mugikortasuna hobetzeko.
Obra hauek guztiak gauzatu ahal izateko, Europan lehiaketaren proposamenak Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean txertatu behar izan dira, ezinbesteko urratsa baita aurreikusitako transformazioak bideragarriak izan daitezen.
Alkateak Europan 17 proiektuaren garrantzia azpimarratu du: “Txonta ikuspegi berritzailearekin begiratzea ahalbidetu digu. Eraikin baten birgaitzetik harago doa; auzo guztia berreskuratzeaz ari gara, haren industria-identitatetik hasi eta etorkizunera begira jartzeaz. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean egindako proiektu hau aukera bikaina da Txonta espazio bizi, irisgarri eta jardueraz betea izan dadin”.
AIBE lantegi zaharra ikur bat da Eibarrentzat, eta ondare hori jasangarritasun- eta modernitate-irizpideekin berreskuratzeak erakusten du badagoela haztea gure historia bazter utzi gabe”.