Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibar-Maltzaga bidegorriaren lanak, 5 pasagune izango dituena, aurten hasiko dira

Eibar-Maltzaga bidegorriaren lanak, 5 pasagune izango dituena, aurten hasiko dira

Miguel de los Toyos Eibarko alkatea eta Marisol Garmendia Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako diputatua.

2018/03/14

Marisol Garmendia Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Miguel de los Toyos Eibarko alkateak Eibar eta Elgoibar arteko lotura osatuko duten ia bi kilometroko oinezkoentzako eta bizikletentzako bidegorri-tartearen proiektua aurkeztu dute gaur goizean.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak, Marisol Garmendia diputatuak zuzentzen duena, Azitain-Maltzaga bidegorrirako obra-proiektua idazten amaitu du. Ia bi kilometroko tartea izango du eta errekaren parean sortuko diren 5 pasarela izango ditu. Gainera, laster lizitaziora aterako da, obrak aurten egin ahal izateko.

Bidegorri hau martxan jarrita, kontuan izanda proiektuak ibilbidearen orografia dela eta teknikoki  dituen zailtasunak eta baita saihestu beharreko azpiegiturak ere, Eibarko herritarren eskaera historikoari erantzuna emango zaio, orain arte aztertu ez dena. Tarte horren bitartez, Eibar eta Elgoibar arteko bizikletentzako eta oinezkoentzako lotura osatuko da, Debabarrenean mugikortasun iraunkorrerako eta osasuntsurako tarte erabakigarri bihurtuz. Izan ere, Eibar-Maltzaga-Elgoibar ardatza behin betiko lotuko du, eskualde honetako herritarrek askotan eskatutako ibilbidea osatuz.

Helburua da lanak, 5,1 milioi euroko aurrekontuarekin, aurten hastea, 2018 urtean, 2019 urterako amaitu ahal izateko, oraingo aurreikuspenen arabera.  

Eraikiko den tarteak Eibarko Barrena kalea, batetik, eta Elgoibartik abiatu eta gaur egun Maltzagan amaitzen den eta zabalik dagoen bizikletentzako eta oinezkoentzako bidea, bestetik, lotuko ditu. Bidegorri honi esker, Eibar eta Elgoibar arteko lotura osatuko da. Bi udalerri horien arteko bizikletentzako eta oinezkoentzako konexioa gogo biziz espero dute bi udalek eta bertako herritarrek. Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak bere egiten du eskualdeko herritarren eskaera hori eta, lanak exekutatzeko zailtasun teknikoen ondorioz, amaitu ez zen proiektu bati berriro ekin dio.

Bertako orografiak eta gaur egungo azpiegiturek Azitain-Maltzaga tartearen eraikuntza oso erronka korapilatsua bihurtzen dute. Hainbat aukera aztertu ondoren, ibilbidearen toki zailenean —Euskotreneko tren-ibilbidearen parean— % 6ko aldapa izango duen pasabide bat eraikiko da. 

Guztira, tarte horretan 5 pasagune egongo dira, horietako bi 80 metro baino gehiagokoak. Pasagune horiek, alde batetik, Ego ibaia eta, bestetik, Deba ibaia eta GI-627 errepidea gurutzatuko dituzte. Tarteak bi kilometro inguruko luzera izango du eta, ia ibilbide osoan, hiru metro inguruko zabalera; nahikoa bizikletek eta oinezkoek espazioa erosotasunez partekatzeko.

Marisol Garmendia diputatuak adierazi bezala, “Debabarreneko bi herri nagusiak lotzea Aldundiarentzako apustu estrategiko bat da eskualde honetan bizikletaren erabilera eta mugikortasun iraunkorra eta osasungarria sustatzeko. Badakigu ez dela tarte erraza, eraikitzeko zailtasunak dituelako, baina honako hau Debabarreneko herritarren eskaera historikoa da eta horri erantzun nahi diogu, azkenean Eibar eta Elgoibar oinezkoentzako eta bizikletentzako bide baten bitartez lotzeko, eta inguru horretako pertsona guztiek erabili ahal izateko”.

Garmendiak esan du “tarte hau eraikiz, behar hori asetzeaz gain, eskualde honetan Bizikleta Bideen Foru Sarearen etorkizunari ere begiratu nahi diogula; izan ere, etorkizunean, bidegorri hau Soraluzetik helduko den beste bide batekin lotuko da eta, horregatik, gaur aurkezten dugun tarte hau oso garrantzitsua da Debabarrenan mugikortasun iraunkorra eta osasuntsua sustatzeko”.

Bestalde, Miguel de los Toyos Eibarko alkateak esan du “bidegorri hau eraikiz, aspalditik hiriak duen eta denbora luzez Aldundiaren agenda politikoan egon den aukera gauzatzen dugula. Proiektu hau bere departamentuaren lehentasunetako bat bezala hartu duen Marisolek gidatzen dituen lanei esker, Eibar eta Elgoibar arteko lotura errealitate bihurtuko da epe laburrean. Oso albiste ona da bai Eibarko hiriarentzat, bai oinezkoen eta bizikleten mugikortasunarentzat".

Proiektuaren azalpen bideoa

Bidegorri proiektuaren irudiak