Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Diru-laguntzak Eibarko enpresendako, formazio dualeko ikasleei kontratuak egiteko

2018/06/14

Ekimen berria da eta aurten 40.000 euro bideratuko dira; programaren onuradunak langabezian dauden 30 urtetik beherako gazteak izango dira (desgaitasuna duten pertsonak badira, ez dago adin-mugarik). Armeria Eskola eta Uni Eibar-Ermua dira herrian formazio dualeko kurtsoak ematen dituzten bi ikastetxeak; modalitate honetan Lanbide Heziketako ikasketak eta enpresak saritutako lana txandakatzen dira.

Eibarko Udaleko Garapen Ekonomikoaren sailak aurten ekimen berri bat jarri du martxan Lanbide Heziketako ikasleei kontratuak egiten dizkieten enpresak diruz laguntzeko; horretarako 40.000 euro bideratuko dira.

Programa horretan sartzeko, kontratatuko den pertsona, 30 urtetik beherako izateaz gain (desgaitasuna duten pertsonen kasuan, ez dago adin-mugarik), langabezian egon behar du, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egon, eta ezin du kontratatzailearekin senidetasunik izan odolkidetasun edo ahaidetasunagatik bigarren graduraino. Diru-laguntza hauek eskatzeko epea zabalik dago dagoeneko (urriaren 4an amaituko da), eta eskaerak Pegoran entregatu beharko dira.

Programa honetan diruz lagunduko diren kontratuak urte honetako ekainaren 1aren eta irailaren 30aren artean sinatutakoak izango dira. Kontratuen gutxieneko iraupena urtebetekoa izango da eta modalitatea formakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratua. Kontratuak dagozkion alorreko lan-hitzarmenaren arabera egin behar dira. Udalak kontratu bakoitzari emandako diru-laguntza gehienez ere 2.000 eurokoa izango da, eta ez dira diruz lagunduko 4 kontratu baino gehiago enpresa bakoitzeko.

Formakuntza mota hau egokia da maila ertaineko edo goi mailako lanbide heziketako titulu bat lortzeko, edo profesionaltasun-ziurtagiri bat, edo egiaztagiri akademiko edo egiaztagiri partzial metagarria lortzeko.  

“Formazio dualak aukera ematen dio ikasleari, enpresak saritutako kontratu baten bidez, haren formazioa osatzeko eta herriko ekoizpen-sarearekin harremanetan jartzeko. "Udalak diru-laguntza mota hauek bultzatzen ditu ikastetxeek, ikasleek eta enpresek lotura handiagoa izan dezaten errealitatearekin” dio Alberto Albistegui zinegotziak, Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako sailaren arduradunak.

Programa hau pentsatzerakoan, Eibarko Udalak kontuan hartu du, krisi ekonomikoaren testuinguruan, Europako Batasuneko herriak hainbat ekintza ari direla aurrera eramaten, lanbide heziketako txandakako araudian, gazteen langabeziari aurre egiteko.

Lanbide Heziketarako eskaintza akademikoa

LHko formazio dualaren bidez, gazteei aukera ematen zaie Lanbide Heziketako titulu bat lortzeko, ikaskuntza-prozesu bati jarraituz, formazioa ikastetxearekin eta enpresarekin bateratuta. Gainera, gaitasun osagarriak garatzen dituzte (talde-lana, ardura) eta enpresaren eguneroko funtzionamendua ezagutzen dute. Programa honek, bestalde, bide ematen du eskaintza hobeto egokitzeko enplegu-merkatuaren eskarira.

Eibarren, Lanbide Heziketako bi ikastetxe daude formazio dualeko kurtsoak egiten dituztenak: Armeria Eskola eta Uni Eibar-Ermua. Armeria Eskolaren kasuan, formazio dualeko halako graduak daude: Telekomunikazio Sistemak eta Sistema Informatikoak, Diseinua Fabrikazio Mekanikoan, Automatizazioa eta Robotika Industriala, Produkzioaren Programazioa Fabrikazio Mekanikoetan, Mantenimendu Elektronikoa, Mekatronika Industriala, Mekanizatua eta Instalazio Elektriko eta Automatikoak. Gainera, Armeria Eskolak Metrologia graduondo bat jarri du martxan Estatuan aitzindaria,  sistema dualaren bidez egin ahalko dena.

Uni Eibar-Ermua ikastetxean, hauexek dira formazio dualeko graduak: Sareko Sistema Informatikoen Administrazioa, Jarduera Fisiko eta Kirol Jardueren Animazioa, Nazioarteko Merkataritza, Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapena, Administrazio Kudeaketa eta Sistema Mikroinformatikoak eta Sareak.