Debabarreneko Gaztaren Astearen beste edizio berri bat egingo da Eibarren, eskualdeko artzaintza ezagutarazteko

Laugarren edizio hau barikuan eta domekan izango da; gazta-dastaketak, azoka, erakusketak eta inguruko ekoizleen tailerrak egongo dira.
Debabarreneko Gaztaren Astea Eibarrera itzuliko da beste behin urriaren 25etik 27ra bitartean (barikutik domekara). Aurten laugarren edizioa da eta Eibarko Udalak eta Debabarreneko Landa Garapenerako Elkarteak (Debemen) antolatzen dute, Artzai Gazta Elkartearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzarekin. Ekimenaren helburua da ezagutaraztea eskualdeko artzaintza eta inguruko artzainek egindako lana.
Programa barikuan hasiko da Debabarreneko gazta-dastaketa batekin, Untzagako jubilatuen egoitzan egingo dena, 19.00etatik 20.30era. Jardueran eskualdeko gazta-ekoizleen aurkezpen bat egingo da, ekoizleen azalpen bat dastaketa nola egiten den erakutsiz, eta galderen txanda, bertaratzen direnek beren zalantzak adieraz ditzaten.
Dastaketan, ardi-gazta probatzeko aukera egongo da: Eibarko Sosola baserria (Enrike Gisasola), Mausitxa, Elgoibarkoa (Iñaki Ansola) eta Goientxe, Mutrikukoa (Beñat Egaña); ahuntz-gazta: Egotz baserrira, Soraluzekoa (Nagore Martin) eta behi-gaztak: Axeleku, Mallabikoa (Ruben Markina). Dastaketan txkoliña ere egongo da Sagarmiña Mutrikuko baserrikoa eta ogi egokologikoa Eibarko Sosolakoa. Jarduera guztiak euskaraz izango dira eta parte hartzea doakoa.
Domekan, urriak 27, Gaztaren Azoka izango da, batetik, eta erakusketak eta tailerrak, bestetik. Gaztaren Azoka Untzaga plazan izango da 10:00etatik 14:00etara. Bertan egongo dira Goienetxe eta Sosola gazta-ekoizleak (ardi-gaztarekin), Egotza (ahuntz-gaztarekin) eta Axeleku (behi-gaztarekin).
Erakusketa eta tailerrak ere Untzagan izango dira. 11:30etik 12:45era gazta nola egiten den ikusi ahal izango da, Mausitxa eta Egotza baserrietako arduradunen eskutik. Ardi latxaren artilearen tratamendua nola egiten den ere erakutsiko da eta 11:00etatik 14:00etara ile-moztaileen erakustaldi bat egongo da, Ipar Arrindaren eskutik.
Halaber, 10:00etatik aurrera artilea lantzeko prozesuan egiten diren lanen erakusketa bat egongo da; besteak beste, kardatzea, irutea, tindatzea edo artilea ehuntzea izango dira ikusgai egongo diren lan batzuk, Miren Torrealday eibartarraren eskutik. Eta puntua eta kakorratza egiteko gune bat ere egongo da.
Azkenik, ardi-okela gisatua ere dastatzeko aukera egongo da. ‘Trenbideko lapikoa’-n egingo da, eta bertaratzen direnek gisatua dastatzeko aukera izango dute.