Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Datorren astean hasiko dira Errebal kalea asfaltatzeko lanak, San Agustineko bidegurutzetik Aldapatxora

Errebal.

Errebal.

2020/12/11

Ibilgailuak pasatzeko, Bilborantz doazen ibilgailuak San Agustinetik desbideratuko dira, Bidebarrietatik igo, Julian Etxeberria kalea hartu eta handik San Juan kalera joan daitezen. 2021eko urtarriletik otsailera bitartean, San Agustin kalea Errebal kalearekin elkartzen den lekutik Rialtora doazen eskaileren arteko espaloia berrituko da eta oraindik egiteke dagoen kale-zatia asfaltatuko da.

Datorren astetik aurrera hasiko dira Errebal kalea asfaltatzen, hau da, San Agustin kaleko bidegurutzearen eta Julián Etxeberria kalearekiko elkargunearen (Aldapatxo)  arteko zatia. Asfaltatua Plaza Barrian, Legarren edo Amañako erdialdean erabili izan denaren antzekoa da, inprimatua eta galtzada-harri itxurako dibujuarekin egina.

Asfaltatze-prozesua aldez aurreko prestalanekin hasiko da, eta, horren ondoren,  errodadura-geruzaren oinarria fresatu eta egokituko da. Lan hori datorren astelehenean egingo da, abenduaren 14an. Hurrengo egunean kalea asfaltatuko da eta, eguraldiak lagatzen badu, hurrengo egunetan aglomeratua inprimatuko da, galtzada-harriaren itxura emanez.

Asfaltatzeko, Errebal kalea itxi egin beharko da San Agustineko bidegurutzetik Julian Etxeberria kalearekiko elkarguneraino, hau da, Aldapatxoraino, galtzada oso estua baita eta asfaltatze-obrak eta ibilgailuen joan-etorria ezin baitira bateratu.

Ibilgailuak pasatzeko, joan den abuztuaren amaieran eta irailaren hasieran martxan jarri zen irtenbide berbera erabiliko da, hau da, Bilborantz doazen ibilgailuak San Agustinetik desbideratuko dira, Bidebarrietatik  igo, Julian Etxeberria kalea hartu eta handik San Juan kalera joan daitezen.

Trafiko-aldaketa horrek sei egun iraungo duela uste da, eta semaforoekin eta udaltzainekin erregulatuko da.

Bestalde, Ibarkurutze aldean, Errebal berrurbanizatzeko proiektuaren obrak egiten dabiltza, eta lanean ari dira baita ERREBAL PLAZIA erabilera anitzeko eraikin berriaren paretik doazen ur- eta saneamendu-sareak berritzeko eta eremu horretan espaloi berri bat egiteko.

Azkenik, 2021eko urtarriletik otsailera bitartean, San Agustin kalea Errebal kalearekin elkartzen den lekutik Rialtora doazen eskaileren arteko espaloia berrituko da eta oraindik egiteke dagoen kale-zatia asfaltatuko da.

Era berean, Ibarkurutzeko iturria konpondu eta iturriari duen balioa emanda bukatuko da obra.

Abuztuan jarri zen martxan Errebal kalea osorik berrurbanizatzeko proiektua, obra burutzeko epea sei hilabetekoa izanik. Lehenengo fasean, ur- eta saneamendu-azpiegiturak eta beste sare batzuk berritu ziren, eta zenbaki bikoitietako espaloia zolatu zen (San Agustinetik Aldapatxoraino). Hilabete eta erdi iraun zuten lan horiek. Pareko gunea edo eremua zolatzen jarraitu zuten (hau da, lurpeko edukiontziak dauden espaloia, BBVAren aurrean), baita Ibarkurutze eta Coliseo arteko zenbaki bakoitietako espaloia ere; hor ere berritu egin  dira ur- eta saneamendu-sareak. Ibarkurutze eta Coliseo arteko espaloi berria ere osatu zen.