Dagoeneko martxan dago ON EKIN 2025 lehiaketa, Debabarrenean ekintzailetza bultzatzea helburu

Zabalik dago “On ekin” ideia- eta enpresa-proiektuen lehiaketarako izen-emate epea. Sari-banaketa Errebal Plazan egingo da urriaren 30ean.
Aurten “On ekin” ideia eta enpresa-proiektuen lehiaketaren XIII. edizioa egongo da, enpresa eta ekintzaileen ekimenak babestu eta bistaratzeko.
Eibarko Udalean urriaren 2an egin den edizio honen aurkezpenean Jon Iraola alkatea, Ekonomia-Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saileko zinegotzi Vanesa Horta eta Ekingune elkarteko presidentea egon dira. (Ikale consulting).
Jon Iraola alkateak dagoeneko egonkortuta dagoen lehiaketa “Debabarreneko ekonomia-etorkizunerako funtsezko erraminta” dela nabarmendu du. “On ekin lehiaketa bat baino askoz gehiago da dagoeneko; ekosistema bat da, zeinean ideiak gauzatu egiten diren eta garatzeko behar duten babes komunitarioa jasotzen duten erakundeen aldetik. Erakundeetatik, gure konpromisoa da horrelako ekimenak bultzatzen jarraitzea, berrikuntza eta bertako talentua bultzatze aldera”.
Vanesa Hortas Ekonomia-Garapeneko zinegotziak, bestalde, lehiaketaren izaera praktiko eta babes ematekoa azpimarratu du: “Urtero, “On ekin” lehiaketak erakusten digu gure eskualdean dagoen bizitasuna eta berrikuntzarako gaitasuna. Lehiaketak, finantziazioa eskaintzeaz gain, bizigarritasuna eta babes-sare batekin konektatzeko aukera ere eskaintzen dute. Ekintzaile guztiak animatzen ditugu urratsa eman eta parte hartzera, bai hasten ari direnak bai dagoeneko esku artean proiektu bat hazten daukatenak. Bide horretan laguntzeko gaude hemen.”
“On Ekin” 2025 lehiaketa negozio-ideia berritzaileak izan eta martxan jarri nahi dituzten ekintzaile eta enpresei zuzenduta dago, ideia horiek martxan jartzeko babesa eskaintzeko. Izen-emateak 2025eko urriaren 19ra arte daude zabalik eta finalera iristen direnek proiektuak aurkeztuko dituzte ekitaldi berezi batean, Errebalen, 2025eko urriaren 30ean.
Epai-mahaiak —ekintzailetza eta enpresa arloarekin lotura duten eragile ekonomiko eta sozialak— erabakiko du zein den “On Ekin” proiektu-irabazlea. Saria 2.000 eurokoa da eta Laboral kutxak finantzatuko du.
Herritarren Saria (1.000 eurokoa eta Eibarko udalak finantzatua) Errebaleko ekitaldira bertaratzen direnek aukeratuko dute. Sari hau, gainera, handitu egingo da sari-banaketaren ekitaldian bildutakoarekin, horrek aukera ezin hobea ematen baitu komunitateak zuzenean parte hartzen duten ekintzaileak babesteko.
Debabarrenean ekintzailetza babestea helburu duen lehiaketa esanguratsu honetan parte hartu nahi duten pertsonek www.ekingune.com webgunean kontsultatu ditzakete oinarriak eta bertan izen-eman. Sari-banaketaren ekitaldian parte hartzeko ere aipatutako webgunean eman behar da izena.