Eibarko Udala
La Caixa Untzaga Eibar Burulogy

'Burulogy', teknologia berriei egokitutako entrenamendu kognitiboaren programa

2017/11/17
Programa horren bitartez, nteresatuek beren ariketak egin eta burua sasoian mantendu ahal izango dute. Gainera, burmuinarekin erlazionatuta dauden gaixotasunak antzeman, saihestu edo geldotu daitezke. 50 urtetik gorakoentzako programa Untzaga jubilatu etxean eskainiko da urritik ekainera bitartean, astearteetan eta asteazkenetan, 16:30etik 17:30era; interesatuek izena eman dezakete oraindik.

Eibarko Udalak Eibarren garatzen ari den Burulogy programaren aurkezpena hartu du gaur ostirala, azaroak 17. Aurkezpenean izan dira Idoya Sarasqueta, Gizartekintzako Zinegotzia; Burulogy ekimeneko hiru bultzatzaileak; Carmen Rey eta Ibon Torrealday, La Caixa banketxeko ordezkariak; eta Félix Elcoroiribe Untzaga jubilatu etxeko ordezkariak.

Ekimenaren arduradunek azaldu dutenez, "Burulogy teknologia berriei egokitutako entrenamendu kognitiboaren programa da". Programa horretan parte hartzeko interesa dutenek gaitasun mentalei egokitutako ariketen bitartez entrenatu eta ondo pasa ahal izango dute. Ariketak edozein tokitatik landuz, burua sasoian mantendu ahal izango dute. Halaber, aplikazioari esker batzen diren datuekin, burmuinarekin erlazionatuta dauden gaixotasunak detektatu, saihestu edo mantsotu daitezke, Alzheimerra esaterako. Gainera, iktus, trombo...motetako eritasunak sortzen dituzten galerak senera etor daitezke.

Urriaren 19an hasi zen ikasturte berria Untzaga jubilatu etxean; 20 bat pertsonek hartzen dute parte eta datorren urteko ekainera arte luzatuko da. Ikastaroa astearteetan eta asteazkenetan izaten da, 16:30etik 17:30era. Hala ere, programa horretan parte hartzeko izen-ematea  zabalik dago Untzaga jubilatu etxean.

Udalaren eta La Caixaren arteko lankidetza

Eibarko Udalaren eta La Caixaren laguntzari esker burutu da programa. Zentzu horretan, ordubeteko saioa, astean behin, 30 euro balio du: parte-hartzaileak 12 euro ordainduko ditu, jubilatuen etxeak 8 eta La Caixak hamar euro. Bestalde, astean behin bi orduko saioa egin nahi bada, 44 euro ordaindu beharko dira: 20 euro interesatuak, eta hamabi euro bana jubilatuen etxeak eta La Caixak.

Zer eskaintzen du Burulogy-k

Programa aurreratu horrek tablet formatura moldatutako eta erabiltzaile bakoitzaren beharrei egokitutako ariketak aurkezten ditu eta horien bitartez, era ludiko batean funtzio kognitibo guztiak lantzen dira. Gainera, hilero jasotako datuekin txosten bat egiten da lortutako emaitzekin. Horri esker, gaixotasunen hautemate goiztiar bat egin daiteke.

Bestalde, berezko softwarea erabiltzen denez, aplikazioaren edukia, bai erabiltzailearen zein bezeroaren beharretara guztiz egokituta egon daiteke.

Informazio gehiago nahi izanez gero interesatuek 943-177245 edo 679052651 telefono zenbakietara deitu dezakete edota www.burulogy.com web orrira jo.