Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bizilagunen komunitateek pegoren irisgarritasuna hobetzeko dirulaguntzen deialdia martxan

Ziriako Agirre kalearen artxiboko irudia.

Ziriako Agirre kalearen artxiboko irudia.

2023/02/01

50.000 euroko partida bat jarri da igogailuak, plataformak, eskailerak, arrapalak eta gainerako elementu mekanikoak eta eraikuntzakoak instalatzeko, bide publikoaren eta bizitegi-eraikinetako atarien arteko desnibelak gainditzeko. Dirulaguntzak eskatzeko epea gaur, otsailak 1, zabaldu da eta azaroaren 15ean itxiko.

Eibarko Udalak martxan jarri du bizilagunen komunitateak pegoren irisgarritasuna hobetzeko dirulaguntzen planaz baliatzeko deialdia. Planean aurreikusten da igogailuak, plataformak, eskailerak, arrapalak eta gainerako elementu mekanikoak eta eraikuntzakoak instalatzea, bide publikoaren eta bizitegi-eraikinetako atarien arteko desnibelak gainditzeko.

Horretarako, Udalak 50.000 euroko diru-partida bat prestatu du, eta dirulaguntza horiek jasotzeko baldintzak eta eskakizunak jakinarazi ditu. Horrela, dirulaguntza hauek eskatzeko epea gaur, otsailak 1, hasi (otsailak 1) eta azaroaren 15ean amaituko da.

Jon Iraola Eibarko alkatearen hitzetan, “gero eta bizilagun-komunitate gehiagok egiten dute ahalegina atarietara sartzeko oztopo arkitektonikoak kentzeko, eta Udala jakitun da jarduketa horiek herritarren bizi-kalitatea hobetu bai baina ahalegin ekonomiko handia dakartela. Laguntza hauen bidez, ahal den neurrian, inbertsio horren inpaktu ekonomikoa arindu nahi dugu”.

Diruz lagundutako gastutzat hartuko dira obrak gauzatzeari eta elementu mekanikoak erosi eta instalatzeari dagozkionak, hala nola igogailuak, eskailerak gainditzeko plataformak, arrapalak edo beste elementu batzuk. Dirulaguntza jaso ahal izateko, instalazioa 2022an edo 2023an eginda egon beharko da, eta 2023ko azaroaren 15a baino lehen amaituta.

Laguntza jasotzeko baldintzen artean hauxek jasotzen dira: eraikinak etxebizitzarako azalera erabilgarri osoaren bi heren izan beharko ditu gutxienez, eta zenbaketa horretatik kanpo geratuko da beheko solairuaren azalera; hamar urtetik gorako antzinatasuna izan beharko du, urbanistikoki egoki egongo da; eta ez da aurri-egoeran, zati batean eraitsita edo barrutik hustuta egongo. Gainera, EIT dokumentua egin eta udal-erregistroan aurkeztu beharko da.

Diruz lagunduko diren gehieneko zenbatekoak hauexek izango dira: Irisgarritasuna hobetzeko obra zibilaren kostuaren % 50eraino, 10.000 euroko mugarekin; eta sistema mekanikoa edo mekanikoak erosteko eta instalatzeko kostuaren % 20raino, obra zibila izan ezik, 15.000 euroko gehieneko mugarekin. Nolanahi ere, dirulaguntzaren gehieneko muga kasu bakoitzean 25.000 eurokoa izango da.

Dirulaguntza, onartuz gero, hiru zatitan ordainduko da. Lehenengo ordainketa, laguntzaren zenbatekoaren % 20, teknikari eskudunak sinatutako proiektua idazteko kontratua aurkeztu ondoren; bigarren ordainketa, dirulaguntzaren % 15, obren hasierako akta aurkeztean; eta hirugarren ordainketa, dirulaguntzaren gainerakoa, obra amaitu ondoren; betiere 2023ko azaroaren 15erako amaituta egon beharko dira lanak.

Jabe-erkidegoek, pertsona juridikoek eta haien ordezkari gisa dihardutenek modu elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, udalaren webgunearen bidez (www.eibar.eus).  Eta pertsona fisikoek eta haien ordezkari dihardutenek elektronikoki egin ahal izango dute, presentzialki Pegoran, edo administrazio publikoetako erregistroetan.

Deialdian, halaber, aurkeztu beharreko agirien zerrenda jasotzen da, hala nola  komunitatearen, pertsona fisiko eskatzaileen edo haien ordezkarien IFZ edo NANa, eta atarirako irisgarritasuna hobetzeko proiektua. Eta, ondoren, laguntza jasotzeko, dirulaguntza eskatu zeneko helburua bete dela justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute (obra-amaierako ziurtagiria, obra-exekuzioaren fakturak, etab.)

Dirulaguntza-deialdi honek bat egiten du Eibarko Udalak bizilagunen komunitateen irisgarritasuna hobetzeko bultzatu dituen beste laguntza batzuekin, hala nola fatxadak birgaitzeko eta eraikinen barruan igogailuak eta atarien barruko beste irisgarritasun-elementu batzuk jartzeko dirulaguntzak. Udalak urtero deitzen ditu laguntza horiek, eta laster argitaratuko dira dagozkien deialdiak.