Bihar, maiatzak 4, hasiko dira aurtengo asfaltatze-lanak, Karlos Elgezua eta Asola Igartza kaleetan

Karlos Elgezua eta Ziriako Agirre kalearekiko loturaren arteko zatiaren artxiboko irudia.

Karlos Elgezua eta Ziriako Agirre kalearekiko loturaren arteko zatiaren artxiboko irudia.

2023/05/03

Gero Urkizun, Izuatik Usartzarako bidean, eta Egogainen egingo da lan. Aste honetatik aurrera, Errebaleko oinezkoen pasabideak egokitzen hasiko da Udala, itsuen mugikortasuna eta segurtasuna areagotzeko.

Bihar, osteguna, jarriko da abian Eibarko kaleetan aurtengo asfaltatze-plana, eta Karlos Elgezua, Asola Igartza, Urkizu eta Egogain kaleak eta Izua-Usartza errepidea zolatuko dira.  Kostua 135.712,11 eurokoa da eta  Yarritu SA enpresak egingo ditu lanak, zeinari duela aste batzuk adjudikatu zizkion obrak Udalak.

Amaña auzoko Karlos Elgezua kalean hasiko dira asfaltatzeak, 8 zenbakiaren eta Ziriako Agirre kalearekiko loturaren arteko zatian, 750 m2-tik gorako azalera batean. Bi egun iraungo dute obrek: bihar fresatzea eta asfaltatzea egingo da, eta ostiralean pintaketa eta seinaleztapena.  

Une oro, errei bat zabalik egongo da, ibilgailuei pasabide alternatibo bat eskaintzeko. Hala ere, bihar, osteguna, ordu batzuetan zehar, itxi egingo da Ziriako Agirre kaleko 8, 10 eta 12 zenbakien osteko kalezuloa. Gainera, lanak egin bitartean, kendu egingo dira jarduketa-eremuan dauden aparkalekuak.

Bihar, halaber, Asola Igartza asfaltatzen hasiko dira, 500 m2-tik gorako azalera batean, kale horrek Tiburtzio Anituarekin bat egiten duen noranzko biko gune batean.  Hor ere errei bat egongo da zabalik eta obrak egin bitartean aparkalekuak kenduko dira.

Urkizuri dagokionez, kalearen zati osoan zehar egingo da asfaltatzea, Donostia-Bilbo noranzkoan, oinezkoen bi pasabide goratuen arteko tartean; guztira 560 m2 baino gehiagoko azaleran jardungo da.

Kasu horretan, eta bideak duen trafikoaren ondorioz, lanak hilaren 7tik 8ra bitarteko igande gauean egingo dira, eta 22:00etan hasi eta astelehen goizeko lehen orduan amaituko. Hala, gau horretan, Urkizu kalea, Ermurako noranzkoan, trafikoari itxita egongo da.  Gainera, obrak egin bitartean, kendu egingo dira jarduketa-eremuan dauden aparkalekuak. Pintaketa-lanak astelehenean hasi eta egunean bertan amaituko dira.

Herriguneko asfaltatze-lanak bukatuta, Izuatik Usartzara arteko pista berritzen hasiko dira, guztira 2.575 m2-ko azalera. Horretarako, trafikoa itxita egongo da Ixua Hoteletik Usartzako aparkalekuen guneraino.

Nolanahi ere, adierazi behar da lanen egunak iragarpen meteorologikoen arabera aldatu ahal izango direla; izan ere, beharrezkoa da euririk ez egitea asfaltatzeari ekiteko.

Asfaltatze-planak, baita ere, Ego Gain kalea jasotzen du, autobus-geltokiaren eta Unzaga Plaza Hotelaren arteko zatian.  Une hauetan toki hori berrurbanizatzen ari direnez, asfaltatzea lan horiek amaitzean egingo da.

Guztira, 5.500 m2 zolatuko dira aurten.

Jon Iraola alkateak zera esan du: “Eibarko kaleetatik ibilgailuak -batzuetan tamaina handikoak- igarotzeak asfaltoaren etengabeko narriadura eragiten du. Horregatik, urtero asfaltatze-plan bat jartzen dugu martxan,  premia gehien duten lekuetan jarduteko aukera ematen duena. Hala, ibilgailuak Eibarko kaleetatik seguruago eta erosoago ibiltzea lortzen dugu.”.

Oinezkoen pasabideak Errebalen

Bestalde, Udalak oinezkoen pasabideak egokitu behar ditu Errebal kalean. Helburua da pasabide horien alboetan dagoen espaloi-gunea irisgarritasun-araudira egokitzea, egungo baldosen ordez erliebedun baldosak jarriz, itsuek zebra-bidearen aurrean daudela jakin dezaten eta bertara segurtasun osoz sar daitezen.

Lan horiek atzo, asteartea, hasi ziren eta, dauden aurreikuspenen arabera, hamar egunez luzatuko dira.  Egokitzen ari den lehen pasabidea Aldapatxo parean dagoena da, gero Muzategira doazen eskailera mekanikoen parean dagoena egokituko da, eta, azkenik, Errebaletik Ibarkurutzeraino dauden pasabideak.

Zebra-bideak erabili ahal izango dira, lanak egin bitartean; izan ere, lehenik pasabide bakoitzaren erdia egokituko da, beste erdia utziz, eta ondoren gainontzeko zatian lan egingo da. Lan guztiak egunez egingo dira.