Bihar larunbata, urriak 3, Debabarreneko IX. Aste Ekologikoari hasiera emango zaio urteroko azokarekin

Txaltxa Zelaiko plazan egingo da, goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean. Egun horretan, "Gutizia Ekologikoen Ibilbidea" ere egin ahalko da, Eibarko hainbat tabernatan.
Aurten ere Eibarko Udalak, urteroko Aste Ekologikoaren barruan, azoka ekologikoa antolatuko du. Txaltxa Zelaiko parkean egingo da goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean eta Erkidegoko hainbat ekoizlek hartuko dute parte mota desberdinetako produktuak saltzeko, hala nola barazkiak, fruta, ogia, gazta, eztia, olioa, marmeladak, landareak edota arropa.
Azokan salgai egongo diren produktu guztiek bi ezaugarri berezi dauzkate: alde batetik, modu ekologikoan zainduak izan direla eta, bestetik, era artisau batean eginak izan direla, hau da, natura, animalia eta pertsonen osasuna eta etorkizuna errespetatuz ekoiztuak izan direla.
Azoka Eibarko Udala, BIOLUR eta DEBEMEN (Debabarreneko Landa Garapen
Elkartea) erakundeen artean antolatu da, ENEEK entitatearen (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua) laguntzarekin.
Azokaz gain, Eibarko ostalariekin elkarlanean, Gutizia Ekologikoen Ibilbidea prestatu da. Ekimen honekin, ostalaritzarekin zubiak eraiki, eta baserritar ekologikoen produktuak ikustarazi nahi dira.
Produktuak Elgoibarko Beraseta eta Txillarre, Mutrikuko Ekoalboraz-Basailun eta Itziarko Doniene Berri baserrietako barazkiekin, Txindurriturri baserriko sagarrekin, Elgoibarko Beraseta eta Itziarko Olabe baserriko arrautzekin eta Eibarko Sosola baserriko gazta eta ogiarekin eginikoak izango dira.
Gainera, eguerditik aurrera, BIBA ardoak kooperatibako ardo ekologikoarekin batera, produktu horiek 2 euroren truke dastatzeko aukera izango dute tabernetara bertaratzen diren guztiek.
Hauek dira parte hartuko duten tabernak: Albert, Arkupe, Baisi, Baratze Gourmet, Birjiñape Berria, Chic, Kili Kili, Kontent, Koskor, Kultu, Laurel, O´Jays, Paulaner, Slow, Trinkete eta Txoko.
Ekintza hauek burutzeko beharrezko diren segurtasun neurri guztiak hartuko dira.