Udalak trafikoa berrantolatuko du, Errekatxuko urbanizazioan obrak amaitu ondoren

Uztailaren 2tik aurrera, inguruko hainbat kaletan noranzko aldaketa egingo da, segurtasuna hobetu eta trafikoa arintzeko. Gune batek baino ez du izango noranzko bikoitza, konektibitatea bermatu bai, baina bide-segurtasunari kalterik egin gabe.
Eibarko Udalak Errekatxuko urbanizazioan trafikoa berrantolatuko duela iragarri du, izan ere, bertako lanak oraintsu amaitu dira. Uztailaren 2tik aurrera (asteartea), bide-antolamendu berria sartuko da indarrean. Aldaketak auzoko hainbat kaleri eragingo die, gune horretako mugikortasuna hobetu eta segurtasuna indartze aldera.
Jon Iraola alkateak adierazi duenez, “jarduketa honekin kontu handiz planifikatu eta gauzatu den hiri-eraldaketa prozesu bati amaiera ematen diogu. Errekatxuko urbanizazio berriko obrak amaitzeak aukera eman digu urrats bat gehiago egiteko eibartarrentzat ordenatuagoa, irisgarriagoa eta seguruagoa izango den herri-eredu baterantz. Zirkulazioa erraztu nahi dugu, arriskuak murriztu eta inguru bizigarriago bat sortu. Badakigu aldaketek egokitze-fasea behar izaten dutela, baina seguru gaude, epe ertainera, berrantolaketa honek hobekuntza argia ekarriko diela inguru honetan bizi direnei eta handik mugitzen direnei”.
Alberto de la Hoz Trafiko eta Mugikortasun zinegotziak dioenez, “aldaketak inguruko trafikoa arrazionalizatzea dakar, Bistaederren eta Araneko bidearen arteko oraingo lotura aprobetxatuz, Bidebarrieta arintzeko. Berrantolaketa honek lagundu egingo du inguruko bizilagunek eta bertako aparkalekuek sortzen duten trafiko-fluxua zuzentzen, eta, gure iritziz, hauxe da irtenbiderik egokiena. Denbora beharko da ohitzeko, baina dudarik ez daukagu hobekuntza lehen egunetik nabarituko dela”.
Eskema berriaren arabera, Bistaeder kaleko trafikoak Eibarko Txikito kaleranzko norabidea izango du, Migel Aginagatik eta Eulogio Garatetik igarota, amaieran Errekatxu-Arane bidean sartzeko. Bide horretatik beherantz doazenek aukera izango dute Aranerantz jarraitu edo ezkerrerantz egiteko Bistaederrerantz, horrela etxe-uhartean zirkuitu zirkularra sortuz.
Gune batek baino ez du izango noranzko bikotza: Bistaeder kalea Arane-Errekatxurekin lotzen duen bideak, Errekatxu 2ko eraikin berriko garajearen inguruan. Pedro Escribano Obrak Saileko zinegotziak azaldu duenez, “gune honek, bete beharreko segurtasun- eta irisgarritasun-baldintza guztiak dituenez, noranzko bikotzekoa izaten jarraituko du, trafiko-fluxuari eta segurtasunari kalterik egin gabe.
Neurri honekin, Bistaeder eta Migel Aginaga kaleen bi aldeko noranzkoa desagertzen da. Aldaketak joan-etorria erraztea eta auzoaren antolamendu berrira egokitzea du helburu.
Udalak gogorarazten du bidea behar bezala seinaleztatuko dela aldaketa hauek indarrean sartu aurretik, eta, era berean, eibartarrei gomendatzen die adi egon daitezen aldaketa hauen arrean.
Bidebarrieta inguruan abuztuan egingo diren lanak
Lan hauek abuzturako aurreikusita zeuden jarduketei gehitzen zaizkie, besteak beste, Bidebarrieta kaleko 20. eta 24. pegoretan eta San Agustin kaleko bidegurutzean egin beharrekoei.
Esku-hartze hauek Errekatxuberri hobetzeko planaren barruan kokatzen dira, eta haien helburua da bide-segurtasuna indartzea, irisgarritasuna hobetzea eta bizilagunen arteko elkarbizitza erraztea. Abuztuan joan-etorri gutxiago egon ohi denez, garai hori aprobetxatuko da lanak aurrera eramateko.