Eibarko Udala
segurtasun-protokoloa

San Juan jaietarako segurtasun-protokolo berezia jarriko da martxan Eibarren

2025/06/20
Udaltzaingoaren auto ofiziala.

20tik 25era erdigunea peatonalizatu, eta polizien presentzia indartu egingo da.

Eibarko Udalak iragarri du segurtasun-protokolo berezia jarriko duela martxan, San Juan jaiak direla-eta, Untzaga plazan ekainaren 20an eta 21ean (ostiral eta larunbat gauean) egingo diren kontzertuetatik hasita. Helburu nagusia bertaratutakoen segurtasuna bermatzea da, eta, baita, jai-ekitaldi hauetan gorabeherarik ez egotea ere.

Aurreko ekitaldietan bezala, Untzaga plazarako sarbideak itxita egongo dira  trafikoarentzat 20:30etik aurrera. Horretarako, Udal Lantaldeko lau ibilgailu jarriko dira bertan, kotxerik sartzea eragozteko, jarduerak amaitu eta gunean jende gutxiago egon arte.

Jon Iraola Eibarko alkateak dioenez, “herritaren segurtasuna lehentasuna da. Jendeak kontzertuetan ondo pasatzea nahi dugu, lasai, eta horretarako dispositibo eraginkor eta koordinatu bat aurreikusi dugu, arriskuak gutxitu eta gorabeherarik gabeko jarduerak errazteko”.

Era berean, kaltetutako guneetako bizilagunentzako seinaleztapena jarriko da, hurbil dauden haien garaje eta aparkalekuetara joan ahal izateko, eragozpenik izan ez dezaten.

Horrez gain, ekainaren 20ko 20:00etatik ekainaren 25eko 24:00etara, Eibarko erdigunea guztiz peatonalizatuko da, jai-bezperetan egin ohi den bezala.  Neurri honen helburua da oinezkoen joan-etorriak erraztea eta jai-giro segurua sustatzea.

Udaltzaingoen plantila ere indartu egingo da. Egunean udaltzain gehiago egongo dira txandaka lanean, ekainaren 20ko goizetik ekainaren 25eko gauera arte.

“Aldez aurretik  eibartarren kolaborazioa eskertu nahi dugu. Izan ere, haien partaidetza funtsezkoa da jaiak normaltasunez igaro daitezen”, gehitu du Iraola alkateak.