Eibarko Udala
bigarren eskuko azoka

Bigarren Eskuko Azokaren udako hirugarren edizioa antolatuko du Udalak maiatzaren 31rako

2025/05/19
Kartela.

Jarduera Errebal Plazan egingo da, eta, haurrentzako tailer bat antolatuko da material birziklatuekin osagarriak eta apaingarriak egiteko. Azokan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea; epea zabalik dago maiatzaren 19tik 27ra bitartean.

Eibarko Udaleko Ingurumen SaiIak kontzientziazio-lanetan aurrera egiten jarraitu nahi du, herritarrei ikustaraziz erabilitako objektuek bigarren bizitza bat eduki dezaketela eta beste pertsona batzuek erabil ditzaketela. Hori horrela, aurten ere bigarren eskuko hiru azoka antolatuko dira. Lehena udako bigarren eskuko azoka izango da, maiatzaren 31an. Irailean, Europako Mugikortasun Astearen barruan kokatuta, bigarren eskuko bizikleten azoka, eta, abenduan, Gabonetako azoka.

 Eva Juez Garmendia Ingurumen zinegotziak dioenez, “urteroko hiru azoka hauen bitartez, lortu nahi duguna da eibartarrak Eibarko ekonomia zirkularraren beste katebegi bat izan daitezen”.

Bigarren eskuko udako azoka maiatzaren 31n egingo da, eta erabilitako objektuak saltzeko interesa dutenek bi modutara egin ahal izango dute.  Postu bat (mahai bat) erreserbatu ahal izango da bakoitzak nahi dituen objektu erabiliak saltzeko; edo, bestela, erabilitako objektuak gordailu-zerbitzuan utzi ahal izango dira, gehienez ere egoera onean dauden 10 gauza, pertsona bakoitzeko; eta antolakuntzako taldea arduratuko da objektu horiek zaintzeaz eta saltzeaz. Horretarako, salgaiak larunbatean bertan (maiatzak 31) ekarri beharko dira azokara, 9:00etatik 10:00etara bitartean.

Objektu horiek gordailu-zerbitzuan geratuko dira erregistratuta saltzaileak egokitzat jotzen duen prezioarekin, eta salgai jarriko dira.  Kasu honetan, ez da onartuko arroparik, erabilitako osagarririk, ezta tamaina handiko objekturik ere.

Esan beharra dago azoka uda partean egingo denez, oraingo honetan lehentasuna emango zaiela urtaro horrekin eta oporrekin zerikusia duten objektuei eta, besteak beste, honako hauek salduko direla: kiroletako, bidaietako eta hondartzarako artikuluak eta liburuak, eta musika- edo zinema-artikuluak.  

Beraz, postuak adjudikatzean, lehentasuna emango zaiei baldintza hori betetzen dutenei.

Azoka ixtean, 14:00etan, saltzaileak bertara itzuliko dira salmentaren dirua edo saldu ez diren artikuluak jasotzera.

Salmentako postu batean parte hartzeko, ezinbestekoa da aurretik erreserba egitea eta adinez nagusia izatea. Zita 943670249 telefonora deituz edo honako estekan dagoen formularioa betez hartuko da: www.merkabi.eus/eibar. Izena emateko epea maiatzaren 19tik 27ra arte dago zabalik, biak barne. Gordailuko salmentaren kasuan, ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea, nahikoa da objektuak eramatea 9:00etatik 10:00etar bitartean.

Horrez gain, azokan osagarriak eta apaingarriak egiteko tailer bat egongo da  haurrentzat. 3-12 urte bitarteko haurrei begirako tailerra izango da, baina, 5 urtetik beherakoak heldu batekin egon beharko dira.  

Tailerra 11:30ean hasi eta 14:00ak aldera amaituko da. Plazak mugatuak izango direnez, bost txanda aukeratuko dira 11:30etik 13:30era bitartean, eta txanda bakoitzak 25 minutu inguruko iraupena izango du.   Txanda Errebalen bertan erreserbatuko da azoka-egunean.

Bigarren eskuko azoka hau egiteko, Udalak dirulaguntza bat eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailari.