Eibarko Udala

Aurten ere Udalak diruz lagunduko ditu Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzak jasotzen dituzten familien adin txikikoen eskolaz kanpoko jardueren % 100

2020/10/06
Eibarko Udala
Urriaren 30era arte egongo da zabalik eskabideak egiteko epea. Diruz lagunduko diren jarduerak hauxek dira: Eskola Kirola programa, Afariketan, Jazinto Olabe ludotekako jarduerak eta baita guraso-elkarteetako kuotak ere.

Eibarko Udalak aurten ere, bosgarren urtez jarraian, diruz lagunduko ditu Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzak jasotzen dituzten familien seme-alaben eskolaz kanpoko udal jardueren kostuaren % 100.  Eibarko Udalak 20.000 euro bideratu ditu dirulaguntzen programa honetarako.

Dirulaguntza hauetan sartzen diren eskolaz kanpoko jarduera publikoak hauexek dira: Eskola Kirola programa, Afariketan, Jazinto Olabe ludotekako jarduerak eta baita guraso-elkarteek ikastetxeetan antolatutako beste eskolaz kanpoko jarduera batzuk ere. Eskabideak egiteko epea urriaren 30era arte egongo da zabalik.

Dirulguntza hau jasotzeko baldintzetako bat izango da eskatzailea Eibarren erroldatuta egotea gutxienez eskabide-epea hasi baino sei hilabete lehenago. Gainera, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren titular izan behar da, 2020ko urtarrilaren 31ko datarekin, edo Gizarte Larrialdiko Laguntzaren onuradun, 2020. urtean. Azkenik, hirugarren baldintza da haien kargu izatea 5-18 urte arteko adin txikiko bat (2003ko urtarrilaren 1aren eta 2015eko abenduaren 31ren artean jaioa).

Halaber, adin txikikoek matrikulatuta egon behar dute eskolaz kanpoko jarduera publiko batean, eta inskribatuta egon beharko dute Eibarko ikastetxeetako guraso-elkarteren batean, betiere elkarteak antolatutako jarduera horietan parte hartzeko hala exijitzen denean.

Eskaera egiteko, deialdiaren oinarrietan azaltzen den dokumentazioa ekarri beharko da eta gero Pegoran entregatu, urriaren 30a baino lehen.  

Agiriak aurrez aurre aurkez daitezke Pegoran (aurretiaz txanda hartuta, 943 708400 telefonora deituta); elektronikoki, www.eibar.eus  webgunearen bidez, edo Administrazio Publikoen erregistroetan. Posta-bulegoetan aurkeztutako eskabideak Eibarko Udalera bidaliko dira, gutun-azal irekian, posta-funtzionarioak data eta zigilua jar diezazkion, eskabidea aurkezteko epearen barruan ziurtatu aurretik.  

Programa behar bezala garatzeko, Udalak laguntzei buruzko informazioa eman die Eibarko ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteei eta eskola-kontseiluei. Laguntza hauekin Udalak bermatu nahi duena da ez dadila geratu 5 urtetik 18 urte bitarteko adingabe bat bera ere, arrazoi ekonomikoengatik, bere prestakuntza osatzen duten eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeke.