Eibarko Udala
hitzaldia

Argi- eta gas-horniduraren inguruko hitzaldia eskainiko da Portalean, abenduaren 11n

2025/12/10
Kartela.

Eibarko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak antolatu du solasaldia. Hitzaldia 18:30ean hasi eta ordubeteko iraupena izango du gutxi gorabehera, eta parte hartzaileen galderak egiteko azken tartea izango da.

Abenduaren 11n (osteguna), 18:30ean, Eibarko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) hitzaldi bat antolatu du Portalean, argiaren eta gasaren hornidura-kontratuekin lotutako gaiei buruzkoa. Doakoa da eta interesa duen edonor joan daiteke.

Hitzaldiaren helburua zera da: informazioa ematea herritarrek argia eta gasa kontratatzeko orduan jakin dezaten zeintzuk diren aukera onenak.

Zehazki, gobernuak araututako tarifaren eta merkatu librean eskaintzen direnen arteko aldeak azalduko dira; bakoitzaren ezaugarriak eta nola kontratatu modu egokian, engainatuak ez izateko.

Era berean, energia-konpainien jazarpen-kasuetan nola jokatu azalduko da; izan ere, askotan kontsumitzaileari jazarpena egiten diote, eta azkenean nahi ez duen argi- edota gas-zerbitzua kontratatzen amaitzen du; eta, batez ere, azalduko da nola jokatu, baldin eta azkenean produktua kontratatu badugu.

Hitzaldiak ordubete inguru iraungo du eta amaieran galderak egin ahal izango dira.