Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Adjudikatuta Eibar-Maltzaga bidegorriaren obrak

Adjudikatuta Eibar-Maltzaga bidegorriaren obrak

Bidegorri proiektuaren irudia.

2019/04/29

Obrak bi ABEEri (aldi baterako enpresa-elkarte) adjudikatu zaizkie eta aldi berean egingo dira zati bitan. Hurrengo asteetan hasiko dira lanak, 5 milioi euroko inbertsio batekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa departamentuak Azitain-Maltzaga bidegorria eraikitzeko lanak adjudikatu dizkio bi Aldi Baterako Enpresa-Elkarteri; proiektua bi zatitan dago banatuta eta enpresa bakoitza ibilbide-zati horietako batez arduratuko da. MURIAS-AMENABAR aldi baterako enpresa-elkartea izango da Eibartik gertuen dagoen zatia —Azitainekoa alegia— egiteaz arduratuko dena; CAMPEZO-IZA-ESTRUMAR elkarteak, berriz, Maltzagarekin lotzen duen bide-zatia eta hainbat pasabide dituena eraikiko du.

Halatan, Azitain-Maltzagako bidegorriaren lanak —ia bi kilometroko bide-zatia eta 5,1 milioi euroko aurrekontua duena— hurrengo asteetan hasiko dira, zuzendaritza-obra adjudikatuta eta zuinketa-akta sinatuta, behin prozesu administratibo osoa amaitu ostean.  

Miguel de los Toyos alkatearen hitzetan “albiste handia da herriarentzat, dudarik gabe. Bidegorri hau aldarrikatzen hamarkada bat baino gehiago eman ondoren, Udal honen lan eta konpromisoa aintzat hartuta, Esperientzia Eskolaren bidez eibartarren 10.000 sinadura baino gehiago jaso ondoren, Marisol Garmendia Mugikortasun diputatu andrearen jarrera eta apustu pertsonala ikusita, gaur esan dezakegu Eibar-Maltzaga bidegorria errealitatea izango dela datorren urtean”.

Marisol Garmendia diputatuak zuzentzen duen Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuak bultzatu du bidegorri hau, eta adierazi duenez, “eibartarrek historikoki aldarrikatutako proiektu hau mugarri izango da mugikortasun jasangarri eta osasungarrian Eibarren eta Debabarrenean".

Zailtasun teknikoak kontuan hartuta eta hainbat alternatiba aztertu ondoren, bidegorriak 5 pasarela izango ditu  —haietako bi 80 metroko luzerarekin— Ego ibaia alde batetik eta Deba ibaia eta GI-627 bestetik gurutzatuko dutenak. Trazatuak gutxi gorabehera bi kilometroko luzera izango du eta ia 3 metroko zabalera ibilbide osoan; leku nahikoa bizikletek eta oinezkoek  espazioa partekatzeko modu eroso eta seguruan.

Erlazionatutako elementuak

etiketak: bidegorria, Eibar, Maltzaga