Abendutik aurrera, Eibarren haurreskolako 41 plaza gehiago egongo dira 0- 2 urte bitarteko umeentzat

Lanak, ZAMAKOA SA izen sozialari esleitutakoak (500.396,66 €), abenduan amaituko dira. Haurreskolen Partzuergoko datuen arabera, gaur egun Orbeako zentroa beteta dago, baina Arrateko Andra Marikoan eta Amañan oraindik ere badago plazarik.
Eibarrek lanean jarraitzen du umeen heziketa goiztiarrarekin duen konpromisoarekin: bi haurreskola berri sortuko ditu udal-lokaletan, eta horrek ahalbidetuko du orain arteko eskaintza zabaltzea, beste 41 plaza sortuko baitira 0-2 urte bitarteko umeentzat. 500.396,66 euroko kopuruarekin itxi da esleipena, zeinaren bidez herrian espazio modernoak eta egokituak sortuko baitira, familien beharrei erantzute aldera.
Espazio berrietako bat Jazinto Olaben egongo da kokatuta, udal ludotekaren ondoan; bestea, Blas Etxeberrian, Cascoko eraikinaren beheko lokaletako batean. 90 metro koadrotik gorako espazio hauek gune seguruak eta eroso izango dira, lehen haurtzaroari bereziki egokitutakoak.
Haurreskolen Partzuergoaren datuen arabera, egun Orbeako zentroa beteta dagoen arren, bai Andra Mariko haurreskolan, bai Amañakoan oraindik ere badago plazarik, eta horrek egungo eskaerari erantzun ahal izatea dakar, bi instalazio berriak egokitzen diren bitartean.
Lizitazioa ZAMAKOA SA enpresari eman zaio, eta bera izango da obrak egingo dituena. Lanak laster hasiko dira, eta aurreikusten da abendurako egongo direla amaituta.
“Haurreskolen sarea handitzeak herrian gero eta handiagoa den eskaerari erantzuten dio”, azpimarratu du Jon Iraola Eibarko alkateak . “Gure lehentasuna doako kalitatezko zerbitzu hurbila eskaintzea da, familien kontziliazioa erraztuko duena eta bizitzaren lehen urteetatik hasita ziurtatuko duena heziketa-arreta”.
Egoera honek esfortzu handia eskatzen dio Udalari, baina ziur gaude Eibarko etorkizunari begirako inbertsioa dela. Izan ere, heziketa goiztiarraren aldeko apustua egitea aukera-berdintasunaren, gure familien ongizatearen eta herriaren garapen sozialaren alde egitea da”.
Obrak amaitutakoan, Haurreskolen Partzuergoari utziko zaizkio lokalak, eta erakunde horrek hartuko du bere gain lokalak ekipatzea eta martxan jartzea. Ekimen honek, herriko heziketa-eskaintza handitzeaz gain, zuzenean Eibarko familia askoren bizi-kalitatea hobetzea ekarriko du.