Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2024-2028 aldirako Bizikidetza eta Aniztasunaren IV. Plana onartu du Udalak

2024-2028 aldirako Bizikidetza eta Aniztasunaren IV. Plana aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia. Argazkian, Jon Iraola, Eibarko alkatea, eta Sonia Archeli, Gizartekintzako zinegotzia.

2024-2028 aldirako Bizikidetza eta Aniztasunaren IV. Plana aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia. Argazkian, Jon Iraola, Eibarko alkatea, eta Sonia Archeli, Gizartekintzako zinegotzia.

2024/05/03

Dokumentu berria aho batez onartu da apirileko Udal Osoko bilkura arruntean. Planaren helburua da hiri plural bat eratzea, Eibarren bizi direnen integrazioa eta bizikidetza sustatzen dituzten programak bultzatuz.

Udalbatzak, aho batez eta ohiko bilkuran, 2024-2028 aldirako Bizikidetza eta Aniztasunaren IV. Plana onartu zuen astelehenean (apirilak 29). Plan honen helburua da hiri plural eta inklusibo bat lortzen ahalegintzea, Eibarren bizi diren pertsona guztien integrazioa eta bizikidetza sustatuko dituzten programen bidez. Hala, helburu nagusia da hiri anitz bat eraikitzea, garai eta premia berrietara egokitua.

Planak diagnostiko soziodemografiko bat jasotzen du, biztanleriak azken urteotan izan duen bilakaera islatzen duena. Halaber, 45 ekintza jasotzen ditu datozen lau urteetarako, eta kultura-aniztasunaren ikuspegia zeharkakotasunez txertatzen du Eibarko Udalaren jardueran.   

Dokumentu berriaren gakoak hauexek dira: eibartar iritsi berrien harrera ziurtatzea eta haien gizarteratzean lan egitea; dibertsitate kulturalean sentsibilizatzeko jarduera komunitarioak antolatzea; eta denen arteko elkar ezagutza sustatzea.

Immigrazioaren alde, herri mailan

Nahiz eta immigrazioaren fenomenoa mundu globalizatuaren ezaugarri nagusienetako bat izan, integrazioa, kohesio soziala eta elkarbizitza herri mailan gertatzen dira eta maila horretan gestionatzen dira.

Azken urteotan, hainbat herrialdetako pertsonak iritsi dira Eibarrera, eta horrek Eibarko gizartearen pluraltasuna eta dibertsitatea areagotzen lagundu du. Atzerrian jaiotako eibartarrak biztanleriaren % 14,4 dira, eta, jatorriari dagokionez, gaur egun 89 herrialde ezberdinetako pertsonak bizi dira gure herrian.

Kultura Aniztasun arloak eskainitako beste zerbitzu batzuk

Kultura Aniztasun arloak 70.100 euroko aurrekontua du 2024. urterako, besteak beste, Plan honetan jasotako jarduerak egin ahal izateko. Gainera, Nazioarteko Lankidetzari dagozkion jarduerak ere kudeatzen dira. Esaterako, 2024. urtean, 373.812 euro gestionatuko dira, Eibarko gobernuz kanpoko erakundeak hainbat herrialdetan lantzen ari diren proiektuei laguntzeko; 25.000 euro erakunde horiek Eibarren bertan herritarrak sentsibilizatzeko proiektuei laguntzeko; eta 3.000 euro Elkartasun Bekak emateko.  

Bestalde, Eibarko Udalak Nazioarteko Lankidetza Mahaia eratuko du aurki, ofizialki sortu eta araudi erregulatzailea onartu ondoren. Aholkularitza- eta kontsulta-tresna nahitaezko bat da, nazioarteko lankidetzarako udal-politika sektorialak aurrera eramateko.  

Azkenik, azpimarratu behar da Kultura Aniztasunaren Zerbitzutik (Gizartekintza Sailaren barruan), eta teknikari bakarraren bidez, aholkularitza presentzialeko zerbitzu bat eskaintzen dela immigrazioarekin, administrazio-egoerarekin eta atzerritartasun-legearekin lotutako kontuen inguruan zalantzak argitzeko. Zerbitzu hori jasotzeko interesa dutenek zita bat eska dezakete Gizartekintza Sailera joanda edo 943708440 telefonora deituz.