Eibarko Udala

‘Berrerabili eta Berrasmatu’ tailerren hirugarren edizioa martxo-maiatzean egingo da Eibarren

2023/02/07
‘Berrerabili eta Berrasmatu’ tailerren hirugarren edizioa martxo-maiatzean egingo da Eibarren.

Aurrematrikulak egiteko epea ostiral honetan (otsailak 10) irekiko da, eta 10 tailer eskainiko dira denda eta erakundeen laguntzarekin. Tailerren helburua da eguneroko objektuak eta materialak konpontzen, berrerabiltzen, birziklatzen eta berrasmatzen ikastea, haien bizitza baliagarria luzatzeko eta, horrela, sortutako hondakin-kopurua murrizteko.

Eibarko Ingurumen Sailak ‘Berrerabili eta Berrasmatu’ tailerren edizio berri bat antolatu du; programaren helburua da jarraibide batzuk ematea eguneroko objektu eta materialen bizitza baliagarria luzatzen ikasteko, haien berrerabilpena eta birziklapena sustatzeko eta balio erantsia emateko.  Tailerrak lankidetzan egingo dira saltokiekin eta beste toki-entitate batzuekin; horien lokaletan egin dira jarduerak.

2021eko eta 2022ko udazkenean egin diren aurreko bi edizioen arrakasta eta harrera ona ikusita, Udalak edizio hau 2023ko udaberrian antolatzea erabaki du, urte amaieran laugarren edizio bat egiteko asmoarekin.

“2021eko eta 2022ko emaitzak hain onak izan direnez -ziurtatu du Jon Iraola alkateak-, hirugarren edizio hau orain antolatzera animatu gara, udazkenera arte itxaron gabe; urte amaierarako tailer gehiago antolatuko ditugu. Hain zuzen, hirugarren edizio honetan udaberri sasoirako egokiak diren tailerrak eskainiko dira, hala nola, ‘Sortu zeure hiri-baratzea’; hortaz, udaberrian antolatzeak tailer desberdin eta berriak egiteko aukera ematen digu”.

Eta zera gehitu du: “Gaur egun birziklatzea eta berrerabiltzea ezinbestekoak dira hondakinen sorrera eta material berrien fabrikaziotik eratorritako efektu kutsatzailea murrizteko. Eta, horregatik, “Eibarko Udalak lanean jarraitu nahi du politika jasangarriagoak garatuz eta gizarte osoa borroka horretan inplikatuz”. Hala, tailer hauei esker, “etxean ditugun objektuak eta materialak modu atsegin eta ludikoan aprobetxatzeko ideia berriak jaso daitezke.”

Tailer hauetarako aurrematrikulak formalizatzeko epea ostiral honetan, otsailak 10, irekiko da eta hilaren 21era arte egongo da zabalik. Aurrematrikula hori Pegoran egin behar da edo Udalaren web-orriko inprimaki honen bidez: https://formularioak.eibar.eus/eu/berrerabilietaberrasmatu

Pertsona bakoitzak, gehienez ere, hiru tailerretan eman ahalko du izena. Matrikulatutako pertsonen kopurua ezarritako gutxieneko ikasle kopurua baino handiagoa ez bada, tailerra bertan behera geratuko da. Eta aurrematrikula-kopuruak gainditu egiten badu eskuragarri dauden plaza-kopurua, zozketa egingo da.  Udalak onartuen zerrenda argitaratuko du Pegoran eta udal-webguneko ondorengo ataletan:  ‘Ikastaroak, lehiaketak eta tailerrak’ eta ‘Laburrak eta abisuak’ ataletan, otsailaren 24an.  

Tailer hauei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, interesa dutenek ingurumena@eibar.eus  helbidera idatzi edo 943708408 telefonora dei dezakate.

Tailerretako lehenaren izena hauxe da. ‘Biziberritu zure altzariak eta dekorazio-objektuak’ martxoaren 4an eta 11n izango da, 10:30etik 13:30era, el Taller de Manualidades dendan (Bidebarrieta 44) eta gaztelaniaz izango da.  

Martxoaren 7, 14, 21 eta 28an, ‘Etxeko oinarrizko konponketak: iturgintza’. Modalitate elebiduna izango da, eta 17:00etatik 19:00etara emango da Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan (Azitain 2).

Hirugarren tailerra ‘Aprobetxamenduzko sukaldaritza’ martxoaren 15ean izango da, 18:00etatik 20:00etara, Portaleko Kultur Etxeko sukaldean, eta bi hizkuntzatan emango da, Baratze Gourmeteko taldearen eskutik.

Martxoaren 18an, ‘Decoupage: eraldatu zure arropa eta osagarriak’ bi hizkuntzatan izango da, 17.00eatik 19:00etara Adarabar establezimenduan (Eulogio Garate, 6b).

Martxoaren 25ean, 'Konpondu arropa modu erraz eta politean', euskaraz, 11:00etatik 13.00etara, Eskusutxon (Estaziño kalea, 16).  

‘Sortu zure hiri-baratzea’ izeneko tailerra lau saiotan egingo da (apirilak 19 eta 26, eta maiatzak 3 eta 10), 17:00etatik 19:00etara izango da ordutegia, eta bi hizkuntzatan emango da Azitainen, Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Instituan.

Apirilaren 22an, ‘Tapizatu eta estreinatu: zaharretik berrira’.  Gaztelaniaz izango da, 10:30etik 13:00etara, el Taller de Manualidades izeneko dendan (Bidebarrieta, 44). Maitzaren 2an, ‘Ikasi zure bizikleta konpontzen’ izeneko tailerra egingo da, 18:00eatik 20:00etara (bi hizkuntzatan), Errebal Plazan, Eibarko Klub Deportiboaren eskutik.

‘Pankartatik poltsara’ maiatzaren 6an (bi hizkuntzatan) Armagintzaren Museoan egingo den tailerraren izena da; 11:00etatik 13:00etara izango da, Eskusutxoren eskutik. Eta, azkenik, maiatzaren 13an, Adarabar establezimenduan  (Eulogio Garate, 6b) “Beste erabilera bat eman ontzi arinei’ izeneko tailerra egingo da (euskaraz), 11:00etaik 13:00etara.

Tailerren prezioari dagokionez, 2 eta 15 euro bitartekoa izango da, iraupenaren arabera. Prezio horiek Eibarren erroldatuta dauden pertsonei aplikatuko zaizkie, eta Eibarren erroldatuta ez daudenentzat, berriz, prezioak 4 eta 25 euro bitartekoak izango dira.

Tailer hauek antolatzeko, Udalak dirulaguntza bat jaso du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailetik.