Eibarko Udala
JABETZE ESKOLA

2025eko Udaberriko ikastaro eta tailerretan aurrematrikulatzeko epea zabalik dago

2025/02/01
2025eko Udaberriko ikastaro eta tailerretan aurrematrikulazio epea zabalik dago
Beste denboraldi batez, Emakumeen Jabetze Eskola, errealitatea ikuspegi kritiko, dekolonial eta feministatik hausnartzeko, eztabaidatzeko eta aztertzeko topalekua izango da. Estrategia eta aliantza feministak sortzeko eta indartzeko gunea, non ikastaro eta tailer desberdinetatik maila pertsonalean eta kolektiboan indartzeko prozesuak bultzatuko diren.
Eibarko Jabetze Eskolak Udaberri honetan eskainiko dituen ikastaroak honako hauek izango dira:

Tailer honen bidez, erasoak identifikatu ahal izango ditugu, euren jatorria aztertu, eta bortizkeriaren garapena eta ondorioak ezagutu. Era errazean eta zailtasunik gabeko tekniken bidez ikasiko dugu eguneroko bizitzan pairatzen ditugun eraso sexistei aurre egiten.

Emozioak eragile indartsuak dira, ekintzara bultzatzen gaituztenak, geure buruarekin konektatzen gaituztenak eta inguratzen gaituen munduarekin lotzen gaituztenak. Ikastaro honek emozioak ikuspegi feministatik aztertzeko eta ulertzeko eta norberaren bizitzaren gidaritza hartzeko funtsezko tresnak eskaintzen ditu. Prozesu horren bidez, ezagutza hori eraldaketa pertsonaleko eta aldaketa sozialeko ekintza zehatzetara bideratzen ikasiko dugu.

Tailer honetan espazio seguru bat sortuko da "Booty Dance" delakoen potentziala ezagutzeko, boteretsuago sentitzeko tresna gisa. Sexualki esplizituak diren dantzen historia, kultura eta mugimenduak ezagutuko ditugu, hala nola twerk, dancehall queen eta perreoa, begirada feminista eta antirrazista batetik.

Tailerrean etxean izaten ditugun arazoen konponketa ohikoenetako batzuk jorratzen dira: pertsiana apurtuak, ateen heldulekuak, bisagrak, tiraderen gidak… Konponketa horiek denok egin ditzakegu, baldin eta ezagutza eta tresna egokiak baditugu.

Tailer honetan, biodantzaren bitartez, sistema patriarkal honek jartzen dizkigun kateak askatzeko lan egingo dugu, plazerari eta autozaintzari lekua emanez. Eta ikusiko dugu nola saia gaitezkeen, elkarrekin, gure bizitzaren agintea hartzeko moduak eraikitzen.

Gaur egun hilekoaren inguruan osasun-arazo eta desoreka handiak ikusten ditugu. Geure gorputzaren sintomak ulertzeko eta tratatzeko baliabide gutxi eta autonomia urria dugu. Ohikoenak diren arazoei aurre egiteko asmoz honako hiru saioak antolatu ditugu, ugaltze etapa osoan bizi-kalitate handiagoz bizitzeko lagungarri izan daitezen. Hilekoa orekatzeko, ikasiko dugu sendabelar-nahasketak eta infusioak egiten min fisikoa zein emozionala tratatzeko, minarentzako ukenduak egiten eta lurrun-bainua prestatzen umetokia zaintzeko. Sendabelarrak eta ukenduak probatu egingo dira, eta parte-hartzaile bakoitzak ukendu bat eramana ahal izango du etxera. 

Intereseko gai baten informazio bila ari garenean, ohiko helmuga da Wikipedia. Askotariko pertsona, ibilbide, historia, proiektu eta talderen berri izateko leiho digital erraldoia da gaur egun. Baina bertan nori buruzko informazioa dagoen eta nor falta den erreparatzen hasiz gero, genero desoreka nabaria dela ohartuko gara.

Eta hizkuntzari dagokionean ere, nabaria da aldea.

Tailer honen helburua da Wikipedian Eibarko  emakumeen presentzia handitzea eta, lan kolektiboaren bitartez, Eibarko emakumeei ikusgarritasuna ematea, euskarazko Wikipedia zabalduz.  

Kosmetika eta higiene pertsonaleko produktuak egiteko interesa duten emakumeentzako tailer praktikoa da.

Kosmetika naturalaren onurez informatu eta higiene pertsonalerako beharrezko produktuak etxean nola prestatu landuko da. Hau guztia, fabrikazio-metodo tradizionalak eguneratuz eta ingurumena eta natura errespetatuz.  

Oso modu praktikoan lan egingo dugu, oinarrizko tresnak erabiltzeko gai izan arte eta hasieran konplexuak iruditzen zitzaizkigun zeregin horiek betetzeko.

Metodologia sinple eta argi batean oinarrituta lan egingo dugu, alderdi teoriko batzuk jorratuz, gure zailtasunak partekatuz eta gure beharretara egokituz.

Tailer honetan, ziklo menstrualaren inguruko oinarrizko ezagutzak sendotu eta lehen hilekoarekin batera sortzen diren zalantzei aurre egingo diegu.

    Informazio guztia Andretxearen 2025eko udaberriko programazioaren liburuxkan ere jasota dago. 

    Aurrematrikulak otsailaren 1etik otsailaren 23ra egin ahal izango dira (biak barne), Udalaren eta Andretxearen webguneetan eskuragarri egongo den formulario bat betez (Andretxean ere formularioak bete ahal izango dira).