Beldur Barik programa

Beldur Barik Programa jende gazteari zuzendua, indarkeria sexista prebenitzeko eta errespetuan, tratu onetan eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzeko.  

Beldur Barik EAEko instituzioek elkarlanean bultzatuta indarkeria sexista prebenitzeko gazteei zuzendutako programa da, eta bere helburua da, gazteekin batera hausnarketa eta eztabaida prozesuak sustatzea jendarte eraldaketan laguntzeko. Alegia, Beldur Barik jarrera bultzatzea. Horretarako, Beldur Barik programa hainbat baliabidez baliatzen da.

Batetik, Beldur Barik ikusentzunezkoen lehiaketa: 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa. Lehiaketaren xedea da ikus-entzunezko produkzioen bidez erakustea neska eta mutilek nola erantzuten duten desberdintasun egoeren aurrean eta nola egiten dioten aurre indarkeria sexistaren adierazpenei Beldur Barik jarrerarekin.

Bestetik, Beldur Barik topaketa. Topaketa lehiaketako saridunak ezagutzeko espazioa izateaz gain, bere helburua da indarkeria sexistaren aurkako borrokan dabiltzan ekimen, talde eta pertsonak hurreratzea. Baina baita ere, gazteek indarkeria sexistari aurre egiteko eta indarkeria gainditzeko erabiltzen dituzten diskurtso eta jardunbideak balioesteko gunea izatea.

Aldi berean, jende gaztearen inplikazioa jendarte eraldaketan indartzeko ekimenak bultzatzen dira, parte-hartze kolektiboa eta indarkeria sexistaren aurkako jarrera aktiboa sustatzeko asmoarekin. Alde batetik kale-ekintzak antolatuta: komiki-mundiala, flash-mob edota puntu lilaren argazkia, besteak beste. Eta, bestetik, eztabaida eta gogoeta prozesuak indartzeko baliabideak sortuta: ikus-entzunezkoetan oinarritutako unitate didaktikoak, BB abestia edota eraso sexistei aurre egiteko gida, besteak beste.

Eta, bukatzeko, Beldur Barik Jarreraren mezua eta filosofia jende gaztearen egunerokotasun eta errealitatera ahalik eta gehien heltzeko xedearekin, udalekin zuzeneko lanketak egiten dira, berdintasun arloekin zehazki eta gazteria arloekin elkarlanean. Ondorioz, gazteen tokian-tokiko errealitateetara egokitzen diren hainbat Beldur Barik ekintza antolatzen dira.

Zer da Beldur Barik Jarrera?

Kultura matxista eta indarkeria sexistaren adierazpenak eraldaketarako konpromiso pertsonal zein kolektiboa adierazten dituzten jarrerak dira. Alegia, neska eta mutilek ezberdintasun egoerei nola egiten diegun aurre erakusten duten jarrerak. Errespetuan, askatasunean, autonomian, erantzunkidetasunean eta indarkeriaren bazterketa irmoan oinarritzen direnak. Pertsona orok daukagu gure buruak(eta gorputzak) zein gure ingurunea eraldatzeko gaitasuna. Beldur Barik programaren nahia da ahalduntze eta jabekuntza prozesu horietan laguntzea. Bide horretan, ezinbesteko deritzogu beraien jarrerekin, ekimenekin, gorputzekin edota adierazpenekin, indarrean dugun kultura eredua transgreditzen duten pertsonak ikusaraztea eta erreferentean bilakatzea.

Informazio gehiago nahi izanez gero SAKATU HEMEN.