Maistrak liburutegia

Andretxeko liburutegia genero eta feminismoetan espezializatutako liburutegia da, eta kontsulta, aholkularitza espezializatu eta mailegu zerbitzuak eskaintzen ditu.

Andretxeko liburutegia

Andretxeko Liburutegiak, Maistrak gelan dagoena, liburuen katalogo propioa du, Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren barne ere badena. 

Genero eta feminismoei buruzko ikerketa eta ikaskuntzarako baliabide baliotsuak eskaintzen ditu, hala nola liburuak, aldizkariak eta Interneterako sarbidea.

Liburutegian, emakumeen errealitatetik gertu dauden nazioarteko eta estatuko idazleen tituluak aurki ditzakezu, baita hainbat gairi buruzko irakurketa errazeko liburuak ere. Irakurketa erraza ulerterrazagoak diren liburuak sortzeko modu bat da. Pertsona guztientzat da egokia, baina, bereziki, ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat da erabilgarria.

Gainera, berdintasunean hezteko haur eta gazteentzako ipuin eta kontakizunak ere eskaintzen ditu, gai ugari jorratuz: genero-rolak eta -estereotipoak, sexu-aniztasuna, familia-ereduen aniztasuna, autoestimua, genero-indarkeriaren prebentzioa, emakumeak historian ikusaraztea, maskulinitate berriak, LGTBI+fobiaren aurkako borroka, gure imajinarioa eraikitzeko modu berdinzaleagoak planteatuz, bai maila indibidualean bai kolektiboan.

Liburutegiak ikasteko eta/edo bakarkako lanerako espazio bat ere badu. Bertan giro lasaia eta isila dago, eta ikaskuntzan eta/edo bakarkako lanean kontzentrazioa eta errendimendua errazten ditu.

Liburutegiaren ordutegia Andretxearen ordutegiarekin bat dator, 9:00etatik 13:00etara eta 16:30etatik 19:30etara, uztailean eta irailean izan ezik, 9:00etatik 13:00etara baino ez baitago zabalik. Abuztuan zehar, liburutegia eta bere zerbitzuak bertan behera geratuko dira.

Ekimenak

Juan San Martin liburutegiarekin batera, irakurketa gidak eskaintzen ditugu Agenda Feministaren oroitzapenezko egunetan. 

Munduko Emakumeen literaturazko saioak antolatzen dira hilero Ainhoa Aldazabal Gallasteguik dinamizatuta. Saio hauetan, munduko emakumeen literaturaren aldi historiko luze bat aztertzen da, testuak testuinguru geografiko eta soziologikoaren araberaz aztertuz. 

Irakurketa errazerako sarrera saio bat ere izango dugu.  Helburu nagusia da herritarrak sentsibilizatzea irakurketa errazak osasun mental feministaren tresna gisa duen garrantziaz, ezagutza eta kultura eskuratzen laguntzea eta irakurmena hobetzen laguntzea.

Estereotipak elkarteak dinamizatuko du.